Edukira joan

Amaterasu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Amaterasu
sintoismo
Ezaugarriak
Jatorrizko izena天照大御神 eta 天照大神
Sexuaemakumezkoa
BizitokiaTakamagahara (en) Itzuli
BaliokideakJuichimen Kannon eta Nyakuichi Ōji
DomeinuaEguzkia
Ogibideamonarka
Familia
AitaIzanagi (en) Itzuli
AmaIzanami (en) Itzuli
Seme-alabakAme no Oshihomimi (en) Itzuli, Ame no Hohi, Amatsuhikone, Ikutsuhikone (en) Itzuli, Kumanokusubi (en) Itzuli, Takiribime (en) Itzuli, Tagitsuhime (en) Itzuli eta Ichikishimahime (en) Itzuli
Anai-arrebakTsukuyomi, Hiruko (en) Itzuli, Susanoo eta Kagu-tsuchi (en) Itzuli

Amaterasu (japonieraz: 天照?) [1] edo Amaterasu-ōmikami (japonieraz: 天照大神/天照大御神/天照皇大神?) sintoismoaren eguzkiaren jainkosa da eta Japoniako Etxe Inperialaren arbasoa[2] erlijio horren arabera. Batzuetan Ōhirume-no-muchi-no-kami (japonieraz: 大日孁貴神?) moduan ezagutzen da.[3] Bere izenak Zeruan distira egiten duen Jainko Loriatsua esan nahi du.[4]

Kamirik garrantzitsuenen artean dago; sintoismoaren erlijioan perfekzioaren epitome bezala irudikatua da eta adimen, edertasun, emankortasun eta garbitasun kalitateen adibide da.[5]

Amaterasu sintoismoaren panteoiko jainko nagusia da,[6] Tsukuyomi (Ilargiaren jainkoa) eta Susanoo (ekaitzen jainkoa) jainkoekin batera. Izanagi munduaren jainko sortzaileak, Izanami emazte hila Japoniako infernuan bilatu eta erreskatatu ezin izan ondoren,[7] zikinkeria garbitu zuen ibaitik jaio zen. Ise santutegian gurtzen dute bereziki.[6]

Takama no Hara edo «Goi Herriko lautada»[1] ziklo mitikoaren protagonista da, non Susanoo anaiarekin haserretu baitzen onbera izateari utzi ziolako eta bere amarekin azpimundura itzuli nahi zuelako.[8] Haitzulo baten barruan ezkutatu zen, eta mundua iluntasunean murgilduta geratu zen. Haitzulotik ateratzea lortu zuten, kanpoan ongi pasatzeko festa bat egiteko trikimailuarekin, baina, aldi berean, ispilu bat eta bitxi bat utzi zituzten zuhaitz adar batetik zintzilik.[1]

Mitoaren arabera, Ninigi semea bidali zuen Japonia gobernatzera, kaosaren aurka egin zezan.[6]

Aro garaikidean, Amaterasu, japoniar sintoismoaren eguzki jainko gorena, nazio japoniarraren jainkosa babeslea da. Alderantziz, munduko erlijio politeista gehienetan eguzkiaren jainkotasuna gizaseme batek irudikatzen du.[1]

Historialari batzuen arabera, jainkosa honen inguruko mitologiak Japonia matriarkal bat sortu zuen, non Yamato dinastia agertu baitzen eta emakumeekiko errespetuzko jokabide bat ezartzen baitzen VI. mendera arte. Aitaren ezkerreko begitik jaio zen.[5]

Jainkosari Amaterasu Ōmikami deitzen zaio (kanji: 天照大御神; katakama: 天照大神; ortografia historikoa: あまてらすおほみかみ, Amaterasu Ohomikami; antzinako japonieraz: Amaterasu Opomi1kami2) Kojiki historia liburu zaharrenean; Nihon Shoki liburuan, berriz, bere izenaren aldaera hauek aipatzen dira:[9][10]

  • Ōhirume-no Muchi (大日孁貴; Man'yōgana: 於保比屢咩能武智; ortografia historikoa: おほひるめのむ, Ohohirume-no-Muchi; japoniera zaharra: Opopi1rume1-no2-Muti)
  • Amaterasu Ō(mi)kami (天照大神; ortografia historikoa: あまてらすおほ(み)かみ, Amaterasu Oho(mi)kami)
  • Amaterasu Ōhirume no Mikoto (天照大日孁尊),
  • Hi-no-Kami (日神; japoniera zaharra: Pi1-no-Kami2).

Uste da Amaterasu amateru aditzetik eratorria dela («zeruan argitu, distiratu») (天 ama zeru + 照る teru distiratu), す -su ohorezko aditz laguntzailearekin konbinatuta,[11] eta Ōmikami izenak, berriz, «jainko handi goren» esan nahi du (大 ō handi + 御 mi ohorezko aurrizkia + kami). Nabarmenki, Amaterasu Amaterasu Ōmikami ez da teknikoki izen bat, Susa no O no Mikoto edo Ōkuninushi Ōkuninushi no Kami izen diren bezala. Amaterasu aditz forma predikatibo bat da, jarraian datorren ōmikami izena aldatzen duena. Epiteto hori, beraz, semantikoki askoz gardenagoa da Kojiki edo Nihon Shoki liburuetan aipatutako izen gehienak baino, esan nahi duen hori adierazten baitu, hitzerdikako aipamenik, inferentziarik edo etimologia ilunik gabe, hitzez hitz «zeruan distiratzen duen Jainkosa Handi Goren». Erabilera hori ingelesezko erlatibozko esaldien antzekoa da, baina desberdintasun batez: japonieraz erlatibozkoak aldatu nahi den izenaren aurretik jartzen dira, euskaraz egiten den gisan. Beste adibide bat da Amateru Kami epiteto alternatiboa da (天照神,[12] «zeruan distiratzen duen jainkosa»), Amaterasu Ōmikamiren bertsio laua eta ez-ohorezkoa. Beste idatzi batzuetan erabilitako amaterasu aditzaren forma alternatiboak dira, adibidez, bere forma jarraigarria amaterashi (天照之) Nihon Sandai Jitsuroku liburuan,[13] eta forma atributiboen erabilera antzekoak epiteto jakin batzuetan, hala nola Jimmu enperadorearen Hatsu Kunishirasu Sumeramikoto (始馭天下之天皇,[14] «Lurrean gobernatzen duen Maiestatea»). Hala ere, badira izen propio gisa tratatzen diren aditz forma batzuk, hala nola fukiaezu terminal negatiboa Ugayafukiaezu no Mikoto esaeran (鸕鷀草葺不合尊, «Berorren gorentasuna, modu osatugabean estalia itsas belearen lumekin»).

Bere beste izena, Ōhirume, ulertu izan ohi da «eguzkiaren emakume handi / eguneko» esanahiarekin (cf. hiru egun[denbora], eguerdia, hi eguzkia, eguna + 女 me emakumea, andrea),[15][16] baina beste etimologia batzuk ere proposatu izan dira, hala nola emakume izpiritu handi (hi izpiritu gisa hartuz) edo eguzkiaren emazte (Orikuchi Shinobuk iradokita, Amaterasu, jatorriz, gizonezko eguzki jainko baten ezkontide edo apaizeme gisa sortu zen teoria proposatu zuena).[15][17][18] Hiruko izenarekin lotura posible bat ere iradoki dute (Izanagi eta Izanami jainkoek baztertutako haurra eta Amaterasuren anaietako bat).[19] Izen horri muchi ohorezko izena gehitzen zaio, beste teonimo batzuetan ere ikusten dena, hala nola, Ō(a)namuchi[20] edo Michinushi-no Muchi (hiru Munakata jainkosen[21] epitetoa).

Eguzkia gurtzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amaterasu jainkosa maitagarri eta errukiorra da gurtzen dutenekin. Ama jarrera hori, gainera, sintoismoaren arauen menera, Japoniako enperadore guztien arbasoa delako hartzen du, eta beraz, inperioaren ama eta herrialdearen jainko gorena dela esan daiteke.[5]

Bere Yata no Kagami ispilu sakratua Ise santutegi handian gordetzen omen da, altxor inperialetako parte.[23]

Kojiki liburuan azaltzen denez, megami (kami genero femeninoan) Izanagiren ezker begitik sortu zen, Izanami erreskatatzeko saiakeraren ondoren garbitzen ari zenean, eta modu berean jaio ziren haren anaia Susanoo eta Tsukuyomi. Kojiki izkribuak aurkezten du argi guztia igortzen duen megami gisa, eta maiz aipatzen du «eguzkiaren megami» gisa, hura gurtzen dutenenganako errukiagatik eta goxotasunagatik.[24]

Mito gehienak gertaera baten ingurukoak dira: megami kobazulo batean itxita geratu zen haren anaia Susanooren ekintzen ondorioz. Soil mozkortuta, Susanook Amaterasuren arroz soroak guztiz suntsitu zituen, ureztatze kanal guztiak bete zituen, eta gorotzak bota zituen haren jauregian eta tenpluetan. Beste bertsio batean, ekintza horiek jainkoaren haserrearen ondorio izan ziren, aitak hiru anaien artean zeruaz, gauaz eta ozeanoez egin zuen banaketarekin atsekabea zuzentzeko lehiaketa galdu ondoren.[25] Megamik gelditzeko eskatu zion anaiari, baina honek ez zion jaramonik egin eta zaldi «zerutiarraren» gorpua neskameei jaurtikitzera ere iritsi zen, haiek ehuntzen ari ziren. Ehungailua apurtzean, zurezko ezpalek haien gorputza zeharkatu eta hil ziren emakumeak, bertsio gehienen arabera ugaltze organoetara iritsi baitziren ezpalak.[26]

Amaterasu haitzulotik ateratzen.

Amorruz, zaldiaren gorpua ikusi ondoren, Amaterasu Zeruko Haitzuloan sartu zen eta harkaitz batez zigilatu zuen sarrera. Ondorioz, mundua iluntasunean murgildu zen, eta usteltzen edo izpiritu gaiztoz betetzen hasi zen. Kami-gami (kami pluralean) guztiak sarreraren aurrean bildu ziren, ateratzeko modu baten bila. Omoikane adimenaren jainkoak ateratzeko modua asmatu zuen, denak haitzuloaren inguruan eseri ziren eta ispilu bat jarri zuten sarrerari begira. Ama no Uzume, dantzaren megami sentsuala, bainuontzi baten gainean jarri zen eta dantzan hasi zen, erritmoa bere pausoekin markatuz. Dantzan ari zela, gonak altxatu eta bularrak erakusten zituen. Gainerako kami-gami guztiek zarata handia egiten zuten, barrez eta oihuka. Amaterasuk zer gertatzen ari zen ikustea erabaki zuen, eta sarreratik hurbilen zegoenari galdetu zion. Hark erantzun zion megami berri bat zegoela. Amaterasuk nor zen galdetu zuenean, hark ispilua seinalatu zuen, eta hark, ordu arte bere isla inoiz ikusi gabea zelarik, irudian murgilduta geratu zen. Hain harrituta zegoen, non «Omo-shiroi» oihukatu baitzuen, «aurpegi zuria» zein «liluragarria» esan nahi duena. Horretan zegoen bitartean, gainerako kami-gamiek haitzuloa itxi zuten bera kanpoan zela, eta Zeruko Lautadara itzultzera limurtu zuten.[27][28]

Gaztetan, Zeruko Lautada Gorenak konkistatzera bidali zuten Amaterasu, baina laster ezkutatu behar izan zuen, anaiaren portaerarekin minduta. Ezkutatzeari utzi zionean, bere biloba Ninigi-no mikoto bidali zuen Japonia baketzera eta bere birbiloba Jinmu bihurtu zen lehen enperadore. Japoniar dinastia inperialaren balizko fundazio honek 1868ko Meiji berrezartzean sortutako ideia nazionalista eta inperialista sustatu zuen.[29][30]

Amaterasuren ikonografiarik ez badago ere, haitzuloaren kondairak aipatzen duen «Ispilu Jainkotiarrarekin» lotzen da. Izan ere, Japonia baketzera biloba bidali zuenean, ezpata bat eman zion, Kusanagi, Susanoo anaiak zerura itzultzeagatik oparitzat emandakoa, ispilu bat (jainkotiarra, alegia), eta Familia Inperialaren bitxiak: ezpata, Kusanagi-no tsurugi (草薙劍), Yasakani no magatama bitxi edo lepokoa (八尺瓊曲玉) eta Yata no kagami ispilua (八咫鏡).[31][32][33]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 4 Seco Serra 2014, 65. or. .
  2. Rodríguez Santidrián 1994, 31-32. or. .
  3. Navarro i Ferré 2003, 532. or. .
  4. Rodríguez Santidrián 1994, 31. or. .
  5. 1 2 3 (Ingelesez) Silva-Grondin, Mallary A. (2010). «Women in Ancient Japan: From Matriarchal Antiquity to Acquiescent Confinement» Inquiries Journal (web.archive.org) 2 (09) ISSN 2153-5760. (kontsulta data: 2026-07-11).
  6. 1 2 3 Rodríguez Santidrián 1994, 32. or. .
  7. Beaumont & Baussier 2000, 94. or. .
  8. (Gaztelaniaz) Gómez Pinos, Héctor. (2012). «Reseña crítica. Antiguos mitos japoneses» Observatorio de la Economía y la Sociedad del Japón (web.archive.org) 4, 13: 3-4. or. ISSN 1988-5229..
  9. (Japonieraz) Kuroita, Katsumi. (1943). 訓読日本書紀 上巻 - Kundoku Nihon Shoki. 国立国会図書館デジタルコレクション - Iwanami Shoten (web.archive.org), 27. or. (kontsulta data: 2026-07-11).
  10. Aston 1896, 18. or. .
  11. Matsumura 1995.
  12. (Japonieraz) 日本国語大辞典, デジタル大辞泉,精選版. «天照神(アマテルカミ)とは? 意味や使い方 - コトバンク» コトバンク (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-07-11).
  13. (Japonieraz) «日本三代實録の地震史料» Wikisource (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-07-11).
  14. (Japonieraz) 日本国語大辞典, 精選版. «始馭天下之天皇・御肇国天皇とは - コトバンク» コトバンク (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-07-11).
  15. 1 2 (Japonieraz) Tatsumi, Masaaki. «國學院デジタルミュージアム - Amaterasuhirumenomikoto» Kokugakuin University (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-07-11).
  16. (Ingelesez) Naumann, Nelly. (1982). «"Sakahagi": The "Reverse Flaying" of the Heavenly Piebald Horse» Asian Folklore Studies 41 (1): 7-38. or.  doi:10.2307/1178306. ISSN 0385-2342. (kontsulta data: 2026-07-11).
  17. Eliade 1987, 228. or. .
  18. Matsumura 2013, 118. or. .
  19. Wachutka 2001, 113-114. or. .
  20. Tsugita 2008, 506-507. or. .
  21. Aston 1896, 40. or. .
  22. (Ingelesez) Cali, Joseph; Dougill, John. (2013). Shinto shrines: a guide to the sacred sites of Japan's ancient religion. Honolulu: University of Hawaiʻi Press, 218. or. ISBN 978-0824837754. OCLC .875895346.
  23. Datu hori ez dago egiaztatzerik, santutegira sartzea debekatuta baitago edonorentzat.[22]
  24. Chamberlain 1919, 50. or. .
  25. Philippi 2016, 79. or. .
  26. Chamberlain 1919, 61-62. or. .
  27. Philippi 2016, 82-85. or. .
  28. Chamberlain 1919, 63-65. or. .
  29. Philippi 2016, 163-177. or. .
  30. Aston 1896, 114-128. or. .
  31. Philippi 2016, 137-141. or. .
  32. Aston 1896, 70, 76-77. or. .
  33. Chamberlain 1919, 128-131. or. .

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]