Damaru
| Damaru | |
|---|---|
| Deskribapena | |
| Mota | pellet drum (en) |
| Hornbostel-Sachs sailkapena | 212.241 |
Damarua edo damrua (sanskritoz: डमरु, tibeteraz: ཌ་མ་རུ) Hinduismoan erabiltzen den bi burutako danbor bat da. Shiva jainkoaren sinboloetako bat da eta Tantra errituetan erabiltzen da.
Izenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hinduismoan orokorrean damaru izenaz ezagutzen da. Bengalan dugdugia ere esaten zaio, Nepalen kal dab dab edo kantan dab dab ere erabiltzen dute eta Tibeten thöd rnga.
Hedapen geografikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hinduismoan erabiltzen den musika tresna denez Indiako azpikontinentean erabiltzen da, Indian, Nepalen eta Tibeten batez ere.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hareazko erlojuaren itxura duen musika tresna da. Zurezko erresonantzia kaxa sasi borobila du, normalean akazia zurezkoa. Erdiko diametroa txikiagoa da kanpoaldekoa baino. Normalean txikia izaten da, 10 eta 25 cm arteko altuera eta 7 eta 20 cm arteko diametroa.
Larruzko bi mintz ditu margoturik. Larruak sigi-saga daudek lokarriez estutzen dira afinazioa moldatzeko. Kaxaren erdian zinta bat du, eta horretatik zintzilikatua beste bat du, oso apaindua, kolore askotakoa eta korbata bikoitz gisa.[1] Chöpen esaten zaio zinta luze horri. Askotan zilar pulituzko ispilutxoak ditu, melong izena dutenak, batzuetan kanpaitxoak, harribitxiak, letoizko trinket txiki ugari eta tigre edo leopardo azalaren marrazkidun tirak.
Jotzeko, bi sokatxo ditu erdiko zintarekin lotuak, bakoitza bere bolatxoarekin.[1]
Teknika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esku bateko hatzekin zuzenean suabe bi mintzetan jotzen da eta beste eskuarekin damarua biratu egiten da. Alde bietara errotazio mugimendu azkarrak eragitean bolatxoek danborraren alde biak jotzen dituzte.[2] Bikoiztasun honek erantzun izpiritual eta emozional aniztasun handia eragin dezake.[3]
Damaru motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat damaru mota aurkitzen dira:[3]
- Damaru tradizionala: Zurezkoa da eta tamaina txikia izaten du. Artisau lana izaten da eta hareazko erlojuaren itxura du.
- Damaru dekoratiboa: Zeremonietarako damaruak dira, dekorazio gisa erabiltzen direnak. Rajastan eta Maharashtra estatuetan arukitzen dira eta eskualdeko estetika eta kulturako apaingarriak izaten ditu.
- Miniaturazko damarua: Pertsonek aldean eramateko damaru txikiak dira, talisman gisa erabiltzen direnak eta musika jotzeko balio ez dutenak.
- Tibetar damarua: Tibeteko budismo erritualetan erabiltzen da. Normalean metalezkoa izaten da.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kondairak dio Shivak sortu zuela Unibertso osoa sortzeko eta erregulatzeko doinu izpiritualak sortu zitzan. Tibetar budismoan meditaziorako musika tresna gisa erabiltzen da. Panini izeneko monjeak Shiva dantzan eta damarua jotzen ari zela sortu zituen sanskritozko gramatikaren oinarriak eta Maheshwara sutrak.[4]
Aipaturikoak kondairak diren arren argi ikusten da oso antzinako musika tresna dela, gutxienez Garai vedikoan (K.a. 1500 eta 500 artean) erlijio errituetan erabiltzen zela.[3] Esate baterako Maurya Inperioa amaitua zela Kosambi (Ganges haranean) hiriak kobrezko txanponak egin zituen damaruaren itxura zutenak.
VIII eta XII. mendeen artean Indiako Tantra erritualak Himalaia mendikatea zeharkatu eta Tibetera iritsi ziren.
Hinduismoan eta Tibetar budismoan nahiko finko mantentzen den arren Hegoaldeko Asiako hainbat eskualdetan inguruko musika estiloetara moldatuz joan da eta Indiako folk musika taldeetan barneratu da. Gaur egun plastikozko damaruak ere egiten dira, merkeagoa baita eta mantentzeko errazagoa, hala ere esanahi sinbolikoa mantentzen dute.[3]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Damaru bat.
- Indiako damaru koloretsua.
- Hiru monje tibetar, bik damarua darabilte.
- Khandova jainko hinduaren zerbitzaria, damarua zintzilik duela.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 (Gaztelaniaz) «DAMARU | Soinuenea Herri Musikaren Txokoa» www.soinuenea.eus (kontsulta data: 2026-01-04).
- ↑ (Ingelesez) «How to Play the Damaru (Tutorial)» Carved Culture (kontsulta data: 2026-01-05).
- 1 2 3 4 (Ingelesez) «Damru» Organology: Musical Instruments Encyclopedia (kontsulta data: 2026-01-05).
- ↑ (Ingelesez) Rudralife. (2022-11-25). ‘Damaru’: The Drum of Lord Shiva. (kontsulta data: 2026-01-05).[Betiko hautsitako esteka]