Edukira joan

Klero

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elizgizon» orritik birbideratua)
Kleriko katoliko batzuk.

Kleroa edo apaizeria,[1] oro har, zerbitzu erlijiosoan ordenatuak izan diren pertsona guztien multzoa da. Erlijio bakoitzaren arabera, kleroa erlijio erritualaren zenbait alderditan, irakaskuntzan edo proselitismoan aritzen da. Sarritan, bizitzako gertaera handien karietara jarduten du kleroak, hala nola jaiotza, erdainkuntza, sendotza, ezkontza edo heriotza. Erlijio gehienetako kleroa gurtza lekuen barruan eta kanpoan aritzen da, eta, herrialde batuetan, erietxe, eskola, misio eta armadan ere aurki daiteke.

Erlijio handi gehienetan, gizasemeak bakarrik izan daitezke kleroaren parte. Kristautasunaren kasuan, soilik protestantismoaren adar batzuetan (anglikanismoa, luteranismoa, presbiterianismo liberala) izan daitezke emakumeak artzain edo apaiz.[2]

Ez dira nahasi behar kleroa eta teologoen artean. Klerikoak[3] erlijioaren eginkizun arruntez arduratzen dira; teologoak, berriz, erlijioaren aztertzaileak dira, eta ez dira nahitaez kleroaren parte izan behar.

Herrialde askotan, kleroa lege bereziek babesten dute, eta maiz estatuak finantzatzen du haren jarduera, fededunen dohaintzek baino gehiago edo, gehienez ere, haiekin batera.[4]

Europan, Antzinako Erregimena deuseztatu zen arte, kleroak nobleziarekin partekatzen zuen estamentu pribilegiatuaren izaera. Halaber, Espainian Francoren diktadura luzean zehar, Erromatar Eliza Katolikoak lehentasunezko leku bat ukan zuen ez soilik esparru erlijioso hutsean, baizik, oro har, esparru publiko eta sozial guztietan.[5]

Euskaraz, kleriko hitza mailegu bat da, latinezko clericus, apaiz klaseko kideak aipatzen zituena. Era berean, latinezko hitzaren iturria grezieraren κληρικός («clericos»), oinordetza baten jabe izatea esan nahi duena; izan ere, Itun Zaharreko apaiz lebitarrek Jainkoa besterik ez zuten oinordetzan.[6] Erdi Aroan, irakurketa eta idazketa apaiz klasearen pribilegio ia esklusiboa zirenez, clericus erudizioa zuten pertsonen izendapenarekin berdindu zen.[7] Kristautasunaren barruan, batez ere ekialdeko kristautasunean eta lehenago mendebaldeko erromatar katolizismoan, kleriko terminoak ordenatutako edozein gizabanakoa aipatzen du, diakonoak, apaizak eta apezpikuak barne.[8] Latindar katolizismoan, tontsura baldintza zen edozein orden txiki edo orden handi jasotzeko, Vatikanoko II. kontzilioak orden txikiak eta azpidiakonatua ezabatu aurretik.[9] Orain, egoera klerikala diakonotza jasotzearekin lotuta dago. Orden txikiak Ekialdeko Eliza katolikoetan ematen dira oraindik, eta orden horiek jasotzen dituztenak «kleriko txikiak» dira.[10]

Kleriko hitza erabiltzea ere egokia da Eliza ortodoxoko kleriko txikientzat, tontsura egina baitute. Zentzu horretan sartu zen hitza arabieran, zehazki Libanon frantsesezko clerge hitzaren bitartez, ikliriki gisa (arabieraz: إكليريكي), «apaizgai» esan nahi duena.[11]

Kleroa apaiz, xaman edo orakuluen talde bat da, aginte edo funtzio erlijioso berezia duena. Apaizaren jatorrizko hitza grezierako πρεσβύτερος (presbýteros, zaharra edo agurea) da, hau da, eliza kristauetan, ordenak hartu dituen pertsona.[12]

Kristautasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bonaventura Bagnoregiokoa, Lyongo kontzilioan (Francisco de Zurbarán, 1629).

Kristautasunean, kleroaren barruko funtsezko bereizkuntza da klero erregularraren[13] eta sekularraren[14] artekoa. Banaketa hori klero katolikoan zein ortodoxoan gordetzen da. Erreforma protestanteak klero erregularra ezabatu eta apaizgo unibertsala ezarri zuen; horregatik, gainerako fededunengandik bereizitako kleroa izateak ez zuen zentzurik eraberritutako elizetako batean, nahiz eta beste batzuetan hierarkia argiari eutsi, luteranoan edo anglikanoa, adibidez.

Klero sekularra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sekularrak esan nahi du «mendean bizi dena», hau da, gizartearen barruan, eta sakramentuak administratzeko ardura duena. Bere antolaketa hierarkikoa Aita santuagandik ―edo aitalehenengandik, Eliza ortodoxoaren kasuan― abiatzen da, eta artzapezpiku, apezpiku eta apaizekin jarraitzen du. Klero sekularraren ordena txikiagoetan diakonoaren eta exorzistaren mailak ere sartzen dira. Presbitero, parrokiako erretore edo apaiz kargua fededunekin harreman zuzena izateko funtsezko oinarria da. Beste orden eklesiastiko batzuk ere sartzen dira atal honetan (artzapeza, kalonjea…).[15]

Klero sekularraren zelibaturik ez zegoen kristautasunaren lehen mendeetan eta gaur egun ere ez dago Eliza ortodoxoan eta obedientzia katolikoko ekialdeko erritu batzuetan. Hain zuzen, zelibatua gai eztabaidatu bat da kristautasunaren barruan, eta zenbait eliza erreformatutan emakumeak edo homosexualak apaizgora sartzea.

Eztabaidak gorabehera, Eliza katolikoaren eta beste kristau konfesio batzuen klero sekular nahiz erregularreko kideek adingabeei egindako sexu abusuen kasu amaigabeek dimentsio globala dute mundu osoan.[16][17]

Klero erregularra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arau edo erregela (hortik, erregular) bat jarraitzen duen kleroa da, ez sekularra, «mendetik» edo gizartetik kanpo bizi baita. Jatorrian, klero erregularreko kideak basamortura joaten ziren, hau da, IV.-V. mendeetako Egiptoko hirien kanpoaldera, banaka ―horiek ziren anakoretak edo eremutarrak― edo taldeka ―zenobitak―, monasterio bat sortzeko.[18][19] XIII. mendean eskeko ordenak sortu ziren, hirietan komentuak sortu zituztenak, Erdi Aroko Mendebaldeko hiriguneetan, gizartea ebanjelizatzeko eta, era horretan, aginte eta pribilegio posizio bat ―lurraldea okupatu eta antolatu, arauak edo lege xedapenak eman, zergak bildu eta abar― irabazteko xedeaz.[20]

Apaiz hindu bat Umariako barrutian (Madhya Pradesh, India, 2010).

Hinduismoaren barruan, apaiz izan daiteke:

  • Pūjārī edo artxaka bat: tenplu hindu bateko apaiza da.[21]
  • Purōhita bat: erritualak eta zeremoniak egiten ditu, eta, normalean, familia jakin bati edo, historikoki, dinastia bati lotuta egoten da.[22]
  • Sādhu bat: bere bizitza mundutarrean uko egin eta jaiotza, heriotza eta berpizkundearen bizi zikloa askatzeari ekin dion aszeta da. Gizonak zein emakumeak izan daitezke.
  • Brahmachari (gizonezkoa) edo brahmacharini (emakumezkoa) bat bizitza monastikoan hasitako bat da. Ikaslea denez, eskritura santuak ikasi eta jendeari azaldu behar dizkio.[23]

Tradizioz, apaizak nagusiki brahman kastatik datoz, eta klase horretako kide maskulinoak izendatzen dira zeregin horretarako hinduen testuetan.[24][25]

Apaiz hinduak ezagunak dira otoitz edo puja zerbitzuak egiteagatik; hortik datorkie pujari izena.[26]

Musulman klerikoak (Al-Mustafa International University, 2017).

Islamak, judaismoak bezala, ez du klerorik apaiz zentzuan, hau da, ez dago kristau apaiz baten antzekorik. Islamiar buruzagi erlijiosoek ez dute jokatzen «gizateriaren eta Jainkoaren arteko bitartekari gisa»,[27] ez dute «ordenazio prozesurik»,[28] ez eta «funtzio sakramentalik» ere. Errabinoen antz handiagoa dutela esaten da, eta «eredu, maisu, epaile eta lider komunitario» gisa jokatzen dute, sinestunei erlijio arauak ematen baitizkiete, «baita gai txiki eta pribatuei buruz ere».[27]

Mullah titulua Mendebaldean maiz «elizgizon» gisa itzuli ohi dena eta «apaiz» edo «errabino» hitzen baliokidetzat hartzen dena, erreferentziazko titulua da hezitako edo errespetatutako edonorentzat, ez halabeharrez erlijiosoa den batentzat, gehienetan hala bada ere. Xeke («agure») titulua ere antzera erabiltzen da.[29]

Islamarekin lotutako titulu erlijioso gehienak eskolastikoak edo akademikoak dira: titularrak din edo erlijioaren teoriari eta praktikari buruz duen jakintza eredugarria aitortzen dute, eta ez dute inolako autoritate espiritualik ematen, bereziki. Titulurik orokorrena da àlim («jakintsua») pluralean ulamà, hau da, ulema terminoaren jatorria. Hitz honek unibertsitate islamiko edo madrasa batean lortutako zientzia islamiko tradizionaletan (ulum) jakintza aurreratuak dituen norbait deskribatzen du. Jakintsu, àlim edo ulema baten iritziak baliotsuak izan daitezke besterentzat, erlijioaren arloan duten jakintza sakonagatik; baina, oro har, iritzi horiek ez dira lotesleak, hutsezinak edo erabatekoak, musulman bakoitza bere sinesmen eta jarduera erlijiosoen erantzule zuzena baita Jainkoaren aurrean.[30][31]

Ez dago apaiz kristauari edo kohen juduari dagokion apaiz-gradurik, ezta eukaristiarekin edo korbanarekin aldera daitekeen barkamen erritu sakrifizialik ere. Sakrifizio errituala edo dhabiha, sakrifizio festako qurbana barne, fisikoki gai eta behar bezala entrenatuta dagoen edozein musulman helduk egin dezake. Harakin profesionalak kontrata daitezke, baina ez dira beharrezkoak. Qurbanaren kasuan, ahal bada, hobe da norberaren animalia sakrifikatzea.[32]

Tenzin Gyatso, 14. Dalai Lama (2007).

Budisten kleroari sangha deitzen zaio kolektiboki, eta hainbat monje eta moja ordenak osatzen dute (jatorriz bhikshus eta bhikshunis deitzen zirenak, hurrenez hurren). Ordena eta estilo monastiko aniztasun hori Siddhartha Gautamak sortu zuen jatorriz K.a. V. mendean, vinaya izeneko arau multzo komun baten arabera bizi zen komunitate gisa. Idazkien erregistroen arabera, Budaren garaiko monje eta moja ezkongabe haiek meditazio bizitza zorrotza zeramaten, eskale ibiltari gisa bizi ziren urteko bederatzi hilabetez, eta euri sasoian babesean erretiratuta egoten ziren.[33] Hala ere, budismoa denboran zehar geografikoki hedatu ahala —kultura ezberdinekin topo eginez, ingurune sozial, politiko eta fisiko berriei erantzunez—, budismoaren jatorrizko monakotza forma bakar hori dibertsifikatu egin zen. Budismoaren eta tibetar bon erlijioaren arteko elkarreraginak tibetar budismo bakarra sortu zuen, barruan zenbait sektarekin, maisu eta ikasle leinu jakin batzuetan oinarrituta.[34] Era berean, Indiako monje budisten —bereziki hegoaldeko Madhyamika eskolakoak— eta Txinako konfuziar nahiz taoista monjeen arteko elkarreraginak (200-900. urteen inguruan) Zen bereizgarria sortu zuen. Mahāyāna budismo eskola, estilo tibetarraren antzera, zenbait sektatan sakabanatu zen, maisu jakin batzuen transmisio estiloaren arabera, baita gertaera politiko zehatzei erantzunez ere, hala nola An Lushanen matxinada eta Wuzong enperadorearen jazarpenak budisten aurka. Horrela, aurrez esketik bizi ziren monjeen bizibide gisa eskulana ezarri zen; eta jantzi geruzak gehitu ziren, jatorriz tunika mehe bakarra janzten bazuten ere.[35] Budisten praktika monastikoaren formaren eta funtzioen egokitzapen horrek aurrera jarraitu zuen Japoniara iritsi zenean. Adibidez, monjeek funtzio administratiboak hartu zituzten enperadorearentzat komunitate sekular jakin batzuetan (jaiotzak, ezkontzak edo heriotzak erregistratzea), eta horrela «apaiz» budistak sortu ziren. Berriro ere, budismoa zapaltzeko zenbait saiakerari aurre egin nahirik —besteak beste, Meiji Aroan—, zelibatuaren praktika lasaitu egin zen eta Japoniako monje budistek ezkontzeko baimena ukan zuten.[36] Forma hori geroago Koreara transmititu zen, japoniarren okupazioaren ondoren. Korean, gaur egun monje ezkonduak eta ezkongabeak daude, aldi berean, sekta budista beretan.[37] Tibeten ere antzeko jarraibideak ikusi izan dira garai historiko desberdinetan: monakotzaren forma anitz egon dira, hala nola ngagpa lamak, eta zelibatua asko lasaitu da bolada luzetan.[38] Budisten monakotza estilo horiek mendebaldeko kulturetara transmititzen diren heinean, forma berri gehiago sortzen dira.[39]

Tradizio budisten aniztasuna horrek zaildu egiten du klero budistari buruzko ezaugarri orokorrez mintzatzea. Esate baterako, Estatu Batuetan, Japoniako diasporako Lur Garbiko apaizek oso antzeko zeregina dute kristau tradizioko artzain protestanteekin alderatuta. Aldiz, Thailandiako basoetako theravada monje bakartiek meditazioari eta soiltasunari eskainitako bizitza daramate, Thailandia landatarreko komunitate txikietan; zer ikusirik ez hiriko kideen bizitzarekin, gehienbat irakaskuntzan, eskrituren azterketan eta nazio mailan antolatutako (eta gobernuak babestutako) sangharen administrazioan aritzen baitira. Txinako, Koreako eta Japoniako zen tradizioetan, eskulana diziplina erlijiosoaren zati garrantzitsu bat da; aldiz, theravada tradizioan, monjeek langile eta nekazari gisa lan egiteko debekuak orokorrean errespetatzen dira.[40]

Regina Jonas, munduan lehen errabino izan zen 1935ean.

Judaismo errabinikoak ez du berez klerorik, nahiz eta Toraren arabera baden «apaizen tribu bat», kohanim izenekoa (hebreeraz: כֹּהֵן, kōhēn; plurala כֹּהֲנִים, kōhănīm), erlijioaren buru izan zirenak Jerusalemen tenplua suntsitu zen arte, 70. urtean, saduzear gehienak desagertu zirenean; tribuko kide bakoitzak, kohen bakoitzak, apaiz eginkizunak zituen, horietako asko sakrifizio eginkizunen eta Israelgo nazioaren bedeinkapenen ingurukoak. Gaur egun, judu kohanim-ek beren estatusa ezagutzen dute familia tradizioaren bitartez, eta oraindik bedeinkapena eskaintzen dute sinagogan egiten diren zerbitzu jakin batzuetan, eta pidyon haben edo lehen semearen berrerosketa zeremonia egiten dute.[41]

Jerusalemgo tenplua suntsitu zenetik, judaismoko buruzagi erlijiosoak sarritan errabinoak izan dira, hau da, teknikoki lege juduan adituak direnak eta auzitegi errabiniko batean epaile gisa jarduteko ahalmena dutenak. Judaismo mota guztiek, judaismo ortodoxoak izan ezik, emakumeak zein gizonak errabino eta hazzan (kantari) gisa ordenatzea onartzen dute.[42][43] Kongregazio judu baten lidergoa, egia esan, laikoen esku dago: sinagoga bateko presidentea da benetako liderra eta edozein gizon heldu judu (edo tradizionalak ez diren kongregazioetako edozein heldu judu) izan daiteke otoitz zerbitzuen zuzendari.[44] Errabinoa ez da Toran aurkitzen den lanbide bat; hitz hau aipatzen den lehen aldia Mishnan da. Errabinoaren forma modernoa Talmudeko garaian garatu zen. Errabinoei agintea ematen zaie lege eta ohitura juduak interpretatzeko. Tradizioz, gizon batek hiru semicha (edo ordenazio errabiniko) maila lortzen ahal ditu ikaskuntza programa sakon bat egin ondoren, Tora, Tanakh, Mishna, Talmud, Midrash, etika eta kondaira judu, lege juduen kodeak eta erantzunak, teologia eta filosofia barne hartzen dituena.[45]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. «Bilaketa > klero» Euskaltzaindiaren Hiztegia (kontsulta data: 2026-08-03).
  2. (Ingelesez) Dei, Daniel; Bonsu, Robert Osei. (2015). «The Female Ordination Debate: Theological Reflections» Asia-Africa Journal of Mission and Ministry(AAMM) 11 (0): 31–62.  doi:10.21806/aamm.2015.11.02. ISSN 2092-741x. (kontsulta data: 2026-08-03).
  3. Euskaltzaindia. «Bilaketa > kleriko» Euskaltzaindiaren Hiztegia (kontsulta data: 2026-08-03).
  4. (Ingelesez) Smith, Ian. (2026). «Nudging church funding» Theology 129 (1): 41-48. or.  doi:10.1177/0040571X251401162. ISSN 0040-571X. (kontsulta data: 2026-08-03).
  5. (Ingelesez) García-Fernández, Mónica. (2022). «From National Catholicism to Romantic Love: The Politics of Love and Divorce in Franco's Spain» Contemporary European History 31 (1): 2-14. or.  doi:10.1017/S0960777321000515. ISSN 0960-7773. (kontsulta data: 2026-08-03).
  6. (Ingelesez) Harper, Douglas. (2016). «Search > cleric» Online Etymology Dictionary (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-08-03).
  7. (Ingelesez) Briggs, Charles F.. (2000). «Literacy, reading, and writing in the medieval West» Journal of Medieval History 26 (4): 397-420. or.  doi:10.1016/S0304-4181(00)00014-2. ISSN 0304-4181. (kontsulta data: 2026-08-03).
  8. (Ingelesez) «Cleric» New Advent - Catholic Encyclopedia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-08-03).
  9. (Latinez) Paulus PP.VI. (1972-08-15). «Ministeria quaedam - Disciplina circa Primam Tonsuram, Ordines Minores et Subdiaconatus in Ecclesia Latina innovatur, Litterae Apostolicae Motu Proprio» Sancta Sedes (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-08-04).
  10. (Ingelesez) Nedungatt, George. (2020). A guide to the Eastern Code: a commentary on the Code of canons of the Eastern Churches. Roma: Orientalia christiana (archive.org), 255-260. or. ISBN 978-8897789741. OCLC .1201524404.
  11. (Arabieraz) «الجوقة والخورس والكورال» Kalamoon - The Syrian Journal for Human sciences: 129. or. ISSN 2548-1339..
  12. Euskaltzaindia. «Bilaketa > presbitero» Euskaltzaindiaren Hiztegia (kontsulta data: 2026-08-04).
  13. (Ingelesez) «Clerks Regular» New Advent - Catholic Encyclopedia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-08-04).
  14. (Ingelesez) «Secular Clergy» New Advent - Catholic Encyclopedia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-08-04).
  15. (Gaztelaniaz) Fernández, Francisco José Carmona; Riego, Manuel Martín. (2024). «El clero secular español: revisión bibliográfica (1759-1874)» Anuario de Historia de la Iglesia Andaluza 17: 175-320. or.  doi:10.46543/AHIA.2417.1006. ISSN 3101-2140. (kontsulta data: 2026-08-05).
  16. (Ingelesez) Ärzteblatt, Deutscher Ärzteverlag GmbH, Redaktion Deutsches. (2019-05-31). «Sexual Abuse at the Hands of Catholic Clergy» Deutsches Ärzteblatt  doi:10.3238/arztebl.2019.0389. PMID 31366429. (kontsulta data: 2026-08-05).
  17. (Ingelesez) Terry, Karen J.. (2015-04-03). «Child sexual abuse within the Catholic Church: a review of global perspectives» International Journal of Comparative and Applied Criminal Justice 39 (2): 139-154. or.  doi:10.1080/01924036.2015.1012703. ISSN 0192-4036. (kontsulta data: 2026-08-05).
  18. (Gaztelaniaz) García Colombás, María. (1998). El monacato primitivo. Madrid: BAC (web.archive.org), 45-115. or. ISBN 978-8479143848. OCLC .1075229768.
  19. (Gaztelaniaz) Pérez, Emilio Velado. (2025). «De la literatura a la arquitectura: Aproximaciones gráficas al conjunto monástico altomedieval de Kellia, Egipto» Cuaderno de Notas (26): 2-15. or.  doi:10.20868/cn.2025.5574. ISSN 2386-8376. (kontsulta data: 2026-08-05).
  20. (Gaztelaniaz) Álvarez Rodríguez, Alicia. «Órdenes mendicantes y espacio urbano: los conventos de franciscanos y dominicos en Zamora, Toro y Benavente en la baja Edad Media.» Paisagens e Poderes no Medievo Ibérico - Actas do I Encontro Ibérico de Jovens Investigadores em Estudos Medievais: 275-293. or.  doi:10.14201/shhme2021391147170. ISBN 978‐9898612113. (kontsulta data: 2026-08-05).
  21. (Ingelesez) «Arcaka: 12 definitions» Wisdom Library (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-08-05).
  22. (Ingelesez) «Purohita: 28 definitions» Wisdom Library (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-08-05).
  23. (Ingelesez) Bevilacqua, Daniela. (2017). «Are women entitled to become ascetics? An historical and ethnographic glimpse on female asceticism in Hindu religions» Kervan. International Journal of African and Asian Studies (21)  doi:10.13135/1825-263X/2269. ISSN 1825-263X. (kontsulta data: 2026-08-05).
  24. (Ingelesez) Dubois, Jean Antoine. (2001). Hindu manners, customs, and ceremonies. Safety Harbor: Simon Publications (archive.org), 14-15. or. ISBN 978-1931541237. OCLC .50683693.
  25. (Ingelesez) Gandhi, Srinivasan. (2018). Hinduism and Brotherhood. Chennai, India: Notion Press, 266. or. ISBN 978-1643248349..
  26. (Ingelesez) «Hindu Religious Worker Definitions» Hindu American Foundation (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-08-05).
  27. 1 2 (Ingelesez) Pipes, Daniel. (2017). In the path of God: Islam and political power. London: Taylor and Francis, 38. or.  doi:10.4324/9780203788790. ISBN 978-0203788790. OCLC .1011116988.
  28. (Ingelesez) Brown, Jonathan. (2015). Misquoting Muhammad: the challenge and choices of interpreting the Prophet's legacy. London: Oneworld Publications (archive.org), 24. or. ISBN 978-1780747828. OCLC .898424480.
  29. Sirajuddin Cook, Abu Bakr. (2022-10-02). «Mullah Abdullah, A Mullah? A Reassessment of the Assertions and the Evidence» Journal of Muslim Minority Affairs 42 (4): 500-511. or.  doi:10.1080/13602004.2023.2191910. ISSN 1360-2004. (kontsulta data: 2026-08-05).
  30. (Ingelesez) Whyte, Shaheen. (2022-10-01). «Are Fatwas Dispensable? Examining the Contemporary Relevance and Authority of Fatwas in Australia» Oxford Journal of Law and Religion 11 (2-3): 314-342. or.  doi:10.1093/ojlr/rwac015. ISSN 2047-0770. (kontsulta data: 2026-08-05).
  31. (Ingelesez) Azka, Kamil; Awang, Azarudin. (2026-04-29). «The scientific authority of ulama in the era of social media algorithms and the shift in the legitimacy of islamic fatwas» NIHAYAH: Journal of Islamic Studies 2 (1): 54-69. or.  doi:10.65802/nihayah.v2i1.121. ISSN 3110-1488. (kontsulta data: 2026-08-05).
  32. (Ingelesez) «Qurbani Rules» Muslim Aid (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-08-05).
  33. (Ingelesez) Voyce, Malcolm. (2007). «The Vinaya and The Dharmaśāstra: Monastic Law and Legal Pluralism in Ancient India» The Journal of Legal Pluralism and Unofficial Law 39 (56): 33-65. or.  doi:10.1080/07329113.2007.10756614. ISSN 0732-9113. (kontsulta data: 2026-08-06).
  34. (Ingelesez) Yarovikova, V. A. (2020). «Influence of bon religion on the formation of Tibetan Buddhism (VII–XI centuries ad)» Ethnography of Altai and Adjacent Territories 10: 89-91. or.  doi:10.37386/2687-0592-2020-10-89-91. (kontsulta data: 2026-08-06).
  35. (Ingelesez) Yifa. (2009). «The Evolution of Chan Monasticism: Manual Labor, Persecution, and the Sinicization of Buddhist Monastic Codes» The origins of Buddhist monastic codes in China: an annotated translation and study of the Chanyuan Qinggui (Honolulu: Univ of Hawaii Press): 3-52. or. ISBN 978-0824834258. OCLC .406152534.
  36. (Ingelesez) Jaffe, Richard. (1998). «Meiji Religious Policy, Sōtō Zen, and the Clerical Marriage Problem» Japanese Journal of Religious Studies 25 (1/2): 45-85. or. ISSN 0304-1042. (kontsulta data: 2026-08-06).
  37. (Ingelesez) Mecsi, Beatrix. (2021). «Celibacy or Marriage? Dilemmas for Buddhist Monks in Korea» Távol-keleti Tanulmányok 13 (2021/1)  doi:10.38144/TKT.2021.1.3. ISSN 2786-2976. (kontsulta data: 2026-08-06).
  38. (Ingelesez) Powers, John. (2007). Olson, Carl ed. «Celibacy in Indian and Tibetan Buddhism» Celibacy and Religious Traditions (Oxford University PressNew York): 201-224. or.  doi:10.1093/acprof:oso/9780195306316.003.0011. ISBN 978-0-19-530631-6. (kontsulta data: 2026-08-06).
  39. (Ingelesez) Schedneck, Brooke. (2009). «Western Buddhist Perceptions of Monasticism» Buddhist Studies Review 26 (2): 229-246.or.  doi:10.1558/bsrv.v26i2.229. ISSN 1747-9681. (kontsulta data: 2026-08-06).
  40. (Ingelesez) Berkwitz, Stephen C. (2006). Buddhism in world cultures: comparative perspectives. Santa Barbara: ABC-CLIO (archive.org) ISBN 978-1851097876. OCLC .70136919.
  41. (Ingelesez) Yedidya, Asaf. (2023-08-14). «What Does a Kohen Have to Do with the Protocols of the Ashkenazic Community of Amsterdam? A Conflict between Community Sanctity and the Righteousness of the Ancients» Zutot 20 (1): 48-58. or.  doi:10.1163/18750214-12171092. ISSN 1571-7283. (kontsulta data: 2026-08-06).
  42. (Ingelesez) Weiss, Anthony. (2009-05-20). «Orthodox Women To Be Trained As Clergy, If Not Yet as Rabbis» Forward - The Jews Daily (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-08-06).
  43. (Ingelesez) Jacobs, Louis. «The Cantor» My Jewish Learning (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-08-06).
  44. (Ingelesez) Goldman, Karla. (2018). «Who Rules the Synagogue? Religious Authority and the Formation of American Judaism by Zev Eleff» American Jewish History 102 (2): 310-312. or.  doi:10.1353/ajh.2018.0026. ISSN 1086-3141. (kontsulta data: 2026-08-06).
  45. (Ingelesez) Solomon, Norman. (2011). «The Evolution of Talmudic Reasoning» History and Philosophy of Logic 32: 9-28. or.  doi:10.1080/01445340.2010.506081. ISSN 1464-5149. (kontsulta data: 2026-08-06).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]