Edukira joan

Kirol profesional

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kirol profesionala kirolariek lehiatzeagatik edo jarduera fisiko espezializatu bat egiteagatik ordainsari bat jasotzen duten kirol-modalitatea da; kasu askotan, jarduera hori haien lanbide nagusi bihurtzen da. Kirolaren profesionalizazioa kirol-sistemaren barruko prozesu sozial eta instituzional zabalago baten parte da. Prozesu hori lehia-jarduera egitura formalen, kontratu ekonomikoen eta entrenamendu-programa espezializatuen bidez antolatzen da.[1]

Kirol profesionalaren eta kirol amateur edo afizionatuaren arteko bereizketa nagusia ordainsarian eta dedikazio-mailan datza. Kirol amateurra aisialdiari edo interes pertsonalari lotuta egon ohi da; kirol profesionala, ordea, lan-jarduera gisa antolatzen da. Eredu horretan, kirolariek entrenamendu sistematikoak egiten dituzte, kontratu formalak dituzte eta kirol-erakundeek araututako lehiaketetan parte hartzen dute.[2]

Kirolaren profesionalizazioa prozesu historiko baten emaitza da; prozesu horren bidez, kirol-jarduera jolas-jarduera izatetik garrantzi handiko kultura- eta ekonomia-industria izatera pasatu da. Kirol erakundeek, klubek eta federazioek gero eta egitura profesionalagoak garatu dituzte, hala nola langile ordainduak, kudeaketa-sistemak eta merkatu-logikak, kirol-jardueraren antolaketan eta gobernantzan eragina dutenak.[3]

Gaur egun, kirol profesionala fenomeno globala da, eta komunikabideek, babesletzak eta merkatu ekonomikoek funtsezko zeregina dute. Prozesu horrek kirolarien lan-baldintzak, kirol-erakundeen egitura eta kirolaren gizarte- eta kultura-eginkizuna eraldatu ditu, eta aztergai garrantzitsu bihurtu da zenbait arlotan, hala nola kirolaren soziologian eta kirol-kudeaketan.[4]

Kirol profesionalaren garapena aro garaikideko eraldaketa sozialekin eta ekonomikoekin lotuta dago. Hasiera batean, XIX. mendean, kirola Ingalaterrako klase aristokratikoaren aisialdirako jarduera esklusibo gisa sortu zen; garai hartako hezkuntza-sistemaren parte izanik, gizarte-klaseak bereizteko helburua zuen. Nahiz eta aurretik sari materialekin edo aitortza sozialarekin lotutako kiro-lehiaketak egiten ziren, XX. mendean zehar joan zen pixkanaka sendotuz, kirolaren instituzionalizazioarekin eta haren gizarte-garrantziaren hazkundearekin batera. Gizartearen industrializazioak eta langile zein erdiko klaseen etorrerak kirolaren masifikazioa bultzatu zuten. Klase berri hauentzat, kirola ikusgarritasun soziala lortzeko eta klase sozialen mugei aurre egiteko tresna bihurtu zen. Testuinguru hartan, esklusibotasuna alde batera utzi behar izan zen kirolarien benetako garapena ahalbidetzeko.[5]

Hasierako faseetan, amateurismoaren idealak eragin handia izan zuen kirol modernoan, bereziki mugimendu olinpikoaren barruan. Garai hartan, parte-hartzea borondatezkoa eta ordainsaririk gabekoa izatea sustatzen zen. Hasieran, Pierre de Coubertinek eta Olinpiar Batzordeak irmo defendatu zuten amateurismoa; horren helburua gentlemen amateur deiturikoak eta euren buruari eusteko lan egin behar zuten langileak zorrotz bereiztea zen. Ikuspegi haren arabera, diruagatik lehiatzen zena maila baxuagokoa zen. Hala ere, olinpismoaren garapenarekin eta nazioarteko lehiakortasunaren hazkundearekin batera, eskakizun fisiko eta teknikoak asko handitu ziren, eta eredu hori jasanezina bihurtu zen. 1984ko Los Angelesko Olinpiar Jokoek mugarri bat ezarri zuten; orduan, merkaturatzea eta babesleen sarrera ezinbesteko bihurtu ziren. Denborarekin, eredu hura pixkanaka aldatuz joan zen. Aldaketa horrek ordainsariak onartzea ahalbidetu zuen, eta kirol-ibilbide profesional egonkorren garapena bultzatzea lortu zuen. Horrela, kirolariak "kirol-langile" bihurtu ziren: euren bizitza osoa entrenamenduei eskaintzen diete eta lan-eskubideak aldarrikatzen dituzte.[5]

Mendearen bigarren erditik aurrera, masa-komunikabideen garapenak eta kirolarekiko interes sozialak jarduera profesionalizatzen lagundu zuten. Hamarkada horietan, bereziki telebistaren agerpenarekin eta telebista-eskubideen salmentaren gorakadarekin, kirol-taldeek eta ligek diru-sarrera izugarriak lortu zituzten. Horrek guztiak klub askoren finantza-krisiak estaltzea eta jokalarien ordainsariak igotzea ahalbidetu zuen. Prozesu horretan, antolaketa-egitura konplexuagoak ezarri ziren: alde batetik, irabaziak maximizatzea helburu duten Ipar Amerikako liga itxiak eta, bestetik, garaipenak lehenesten dituzten Europako liga irekiak. Kudeaketa-praktika espezializatuak ere finkatu ziren. Izan ere, merkatu globalizatuan jokalari onenak erakartzeko lehia izugarria sortu zen, eta horrek baliabideak joko-teoria ez-kooperatiboen nahiz aurrekontu-muga malguen bidez kudeatzea dakar. Gainera, kirolari lotutako enplegu-modu berriak sortu ziren; horren ondorioz, kirolariez gain, entrenatzaile, kudeatzaile eta telebista-agenteen sarea biderkatu egin zen.[6]

Aldaketa horien ondorioz, kirol profesionala sistema instituzionalizatu gisa garatu da; horrela, kirolariek erakunde egituratuen barruko lehiaketa arautuetan parte hartzen duten eredu bat finkatu da. Ikusleetan eta bertako diru-laguntzetan oinarritutako SSSL (Ikusleak, Diru-laguntzak, Babesleak eta Tokiko merkatua) eredu tradizionala atzean utzi da, eta gaur egungo MCMMG eredura (Komunikabideak, Korporazioak, Merchandisinga eta Merkatu Globalak) igaro da industria. Bilakaera horrek lotura estua du kirolaren hedapen ekonomikoarekin eta merkatu-sistema espezifikoetan integratzearekin. Horrek guztiak eragin sozial eta ekonomiko nabarmena duen industria gisa finkatu du kirola. Finantza-eredu berri horren ondorioz, kirol-klubak enpresa transnazional gisa kudeatzen dira askotan. Izan ere, inbertitzaile korporatibo handien esku daude eta, kasu batzuetan, burtsan kotizatzen dute. Gainera, 1995eko Bosman auziaren moduko erabaki juridikoek jokalarien lan-merkatua erabat askatu zuten Europan. Horren ondorioz, kirola merkataritza, eskubide eta entretenimenduaren industria interkonektatu eta izugarri konplexu bihurtu zen.[7]

Lehiaketa ereduak eta antolaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirol profesionala testuinguru historiko, ekonomiko eta instituzionalen arabera nabarmen ezberdinak diren lehiaketa-ereduen bidez antolatzen da. Bi eredu nagusiak eredu irekia (europarra) eta eredu itxia (Ipar Amerikakoa) gisa deskribatu ohi dira, bakoitza egitura-ezaugarri, arau-esparru eta gobernantza-sistema ezberdinez bereizita. Ipar Amerikako liga-sistema itxiak eredu sozialistaren itxurako uharte gisa funtzionatzen du merkatu-kapitalismo liberalaren erdian. Sistema hori oso araututa dago eta monopolioaren aurkako legeetatik salbuetsita dago jabeen errentagarritasuna bermatzeko; Europako liga-sistema irekian, ordea, araudia asko leundu da eta merkatu-logika nagusitu da. Europako ligek Europar Batasunaren lehia-politikek gogor baldintzatutako ingurunean funtzionatzen dute. Oinarrizko desberdintasun horiek eragin zuzena dute taldeen kudeaketan, kirol-talentua eskuratzeko moduan eta erakundeek finantza-mugak nahiz kirol-helburuak orekatzeko duten gaitasunean.[6]

Eredu irekia Europako kirol-sistemetan ohikoa da, eta futbola da horren adibide nagusia. Egitura hori hierarkikoa edo piramidala da, eta taldeak elkarri lotutako hainbat mailatan antolatzen dira. Sistema honetan, klubak dibisioen artean bertikalki mugi daitezke; hau da, denboraldi bakoitzaren amaieran, kirol-errendimenduaren arabera soilik igotzen edo jaisten dira. Egitura horrek pizgarri-mekanismo indartsu gisa jokatzen du, eta taldeak jokalari onenak kontratatzeko gehiegizko lehia batera bultzatzen ditu. Ondorioz, taldeek normalean garaipenak maximizatzea lehenesten dute finantza-irabazien aurretik. Joera horrek desberdintasun ekonomiko sakonak eta aurrekontu-muga malguak dakartza. Gainera, ez dago lurralde-esklusibotasunik; beraz, hainbat taldek tokiko merkatu bera parteka dezakete mugarik gabe. Nazioarteko gobernu-erakundeen menpe dauden federazio nazionalek funtsezko zeregina betetzen dute lehiaketa horiek arautzeko eta liga nahiz txapelketen antolakuntza zorrotz gainbegiratzeko.[6]

Aitzitik, eredu itxia Ipar Amerikan da nagusi, eta frankizia-sistema esklusibo batean oinarritzen da. Sistema horretan, taldeek liga nagusietako kide finko gisa parte hartzen dute. Saskibaloi Elkarte Nazionalak (NBA) eta Futbol Liga Nazionalak (NFL) antolatutako lehiaketek inolako igoera- edo jaitsiera-mekanismorik gabe funtzionatzen dute. Ligan sartzea lehendik dauden frankiziek zorrotz kontrolatzen dute hedapen-eskubideen bidez, eta taldeek etekinak maximizatzen dituzten enpresa pribatu gisa jokatzen dute. Gainera, talde bakoitzak lurralde-esklusibotasun absolutua eta tokiko monopolioa ditu hiri-eremuetan. Egungo merkatuak errentagarria izateari uzten badio, taldeek beste hiri batera lekualdatzeko eskubidea dute. Eredu honek finantza-egonkortasuna, gobernantza zentralizatua eta diru-sarreren partekatze zabala (hala nola telebista-eskubide bateratuak) lehenesten ditu, baita taldeen arteko lehia-oreka artifiziala mantentzea ere.[6]

Lehiaketa-eredu horiez gain, Europako kirol profesionala piramide bertikal baten bidez antolatu da tradizioz. Egitura horren erpinean FIFA moduko nazioarteko erakundeak daude; ondoren, UEFA bezalako kontinente-konfederazioak, estatuko federazioak eta liga profesionalak datoz. Hamarkadetan zehar, gobernu-organo horiek erabateko nagusitasuna izan zuten jokoaren gobernantzan, klubak eta jokalariak piramidearen behealdean kokatu baitzituzten. Hala ere, Europar Batasunaren lehia-politikek eta mugarri izan diren erabaki juridikoek (hala nola Bosman auziak) hegemonia horri aurre egin diote. Horrek guztiak boterea eman die aurretik baztertuta zeuden eragileei. Ondorioz, futbolaren gobernantza sare-egitura horizontalago batera aldatzen ari da poliki-poliki. Trantsizio horren bidez, eragile berriak funtsezko kontsulta-organoetan sartu dira; hala nola, UEFAren Futbol Profesionaleko Estrategia Kontseiluan eta kontratu-gatazkak ebazteaz arduratzen den FIFAren Gatazkak Ebazteko Ganberan.[8]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ www.tandfonline.com  doi:10.1016/j.smr.2014.02.003. (kontsulta data: 2026-04-14).
  2. ↑ www.tandfonline.com  doi:10.1080/17430437.2024.2356650. (kontsulta data: 2026-04-14).
  3. ↑ (Ingelesez) Lang, Grazia; Piller, Sarah; Schmid, Jürg; Lamprecht, Markus; Nagel, Siegfried. (2022-10-17). «Professionalization and organizational problems of sports clubs: Is there a relationship?» Current Issues in Sport Science (CISS) 7: 004–004.  doi:10.36950/2022ciss004. ISSN 2414-6641. (kontsulta data: 2026-04-14).
  4. ↑ www.tandfonline.com  doi:10.1080/17430437.2018.1440715. (kontsulta data: 2026-04-14).
  5. 1 2 (Ingelesez) Rubio, Katia. (2013-10). «From Amateurism to Professionalism: Sport’s Transformations by the Brazilian Olympic Athletes’ Lenses» Humanities and Social Sciences 1 (3): 85–91.  doi:10.11648/j.hss.20130103.12. ISSN 2330-8184. (kontsulta data: 2026-04-14).
  6. 1 2 3 4 Andreff, Wladimir. (2011). Some comparative economics of the organization of sports: Competition and regulation in north American vs. European professional team sports leagues. The European Journal of Comparative Economics.
  7. ↑ Andreff, Wladimir; Staudohar, Paul D.. (2000-08). «The Evolving European Model of Professional Sports Finance» Journal of Sports Economics 1 (3): 257–276.  doi:10.1177/152700250000100304. ISSN 1527-0025. (kontsulta data: 2026-04-14).
  8. ↑ García, Borja; Meier, Henk Erik. (2012-02-02). «Limits of Interest Empowerment in the European Union: The Case Of Football» Journal of European Integration 34 (4): 359–378.  doi:10.1080/07036337.2011.611400. ISSN 0703-6337. (kontsulta data: 2026-04-14).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]