Optatibo
Optatiboa (laburtuta, OPT) ekintza jakin bati buruzko desio edo itxaropen bat adierazten duen modu gramatikala da. Modu kohortatiboaren gainmultzoa da eta lotura estua du subjuntiboarekin, baina desideratibozko modutik bereizten da. Euskaraz ez dago optatibo morfologikorik; nolanahi ere, euskalki guztietan ahal + indikatibozko geroaldia egituraz adierazten da eta, gainera, zubererak botiboa deritzan modu berezi bat du, optatibozko hainbat esanahi aditzera ematen dituena. Aditz-modu hori duten hizkuntzen adibideak albaniera, antzinako greziera, antzinako persiera, armeniera, egiptoera ertaina, errumaniera, faroera, friuliera, georgiera, kazakhera, kurduera, letoniera, navajoa, prusiera zaharra, sanskritoa, turkiera eta yup'ika dira, besteak beste.[1]
Euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zubererak botiboa deritzan modu berezi bat du, beste euskalkietan ezezaguna, desioak egiteko erabilia. Gainerako moduekin parekatuta, haren aditz laguntzaileen ezaugarriak bi hauek dira:
- ai- aurrizkia darama,
- laguntzaileak beti aditz nagusiaren aurretik ageri dira, baita ezezko desioetan ere, ez ezezko adberbioaren aurretik:
- Ailü ikusi! ("Ikusi balu!" [= Hau pena, ez baitzuen ikusi!]).
- Ailü ez ikusi! ('Ikusi ez balu!" [= Hau pena, ikusi baitzuen!]).
Euskara batuaz, euskalki guztietan bezala, halako nahiak ahal partikularen eta indikatibozko geroaldiaren bidez adierazten dira (ez bitez aditzaren [aspektu bukatua] + ahal izan egiturarekin nahas: ikusi ahal du ≈ ikus dezake, joan ahal da ≈ joan daiteke, horiek gaitasuna nahiz baimena esan nahi baitute, ez desioa; ezezkoak —hots, ezintasuna nahiz debekua esan nahi dutenak—, hurrenez hurren honelakoak dira: ezin du ikusi [≈ ez dauka ikusterik / ez du ikusterik], ezin da etorri [≈ ez du etortzerik / ez dago etortzerik]) eta goi-nafarrerazko zenbait tokitan, ez du ikusten ahal, ez da etortzen ahal):
- Arazoa ikusiko ahal du! ("Arazoa ikus lezan nahi nuke").
- Ez ahal du ikusiko! ("Espero dut hark hori ez ikustea": ezezko desioetan, ahal partikula ezezko adberbioaren eta aditz laguntzailearen artean doa).
Euskalki guztiek aginterazko aditz-formak dituzte, baita hirugarren pertsonako subjektuei dagozkien aginduetarako ere, singularrean zein pluralean:
- Liburua ikus beza! (Elkarrizketan esku hartzen ari ez den pertsona batentzako agindua da).
- Liburuak ikus bitzate! (Agindua solasaldian ez den talde batentzakoa da).
Lehen pertsonei zuzendutako aginduak subjuntibozko orainaldiko formen bidez ematen dira:
- Liburua ikus dezadan! (ez zaio inortxori ere liburu hori ikusteko baimenik eskatu, desio bat besterik ez da).
- Liburuak ikus ditzagun!
- Gatozen harira / Joan gaitezen harira.
Kontuan kontu, azken molde jator horren ordez, egun hainbatek Goazen + -t(z)era formaz emateko joera dute ("Goazen ikustera!", "Goazen hitz egitera!" moduko esaldien bidez, alegia). Egiaz, mugimendu bat egiteko proposamenak dira, "Goazen hemendik!" —"Beste norabait joan gaitezen!"— edo "Goazen harira!" —esamoldea da, "Kontuari hel diezaiogun!" esan nahi duena— bezalaxe.
Beraz, "Goazen [liburu-dendara, zer berri dagoen] ikustera!" edo "Goazen [kanpora, lasaiago] hitz egitera, han ez dago builarik eta" bezalakoak, beste norabait joateko ideiarik aditzera ematen ez badute, eta halako jarduera bat egiteko asmoa baldin badago, saihestekoak dira.
Hizkuntza indoeuroparretan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aitzinindoeuroperaz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Optatiboa aintzindoeuroperaren jatorrizko lau moduetako bat da: beste hirurak indikatiboa, subjuntiboa eta agintera dira. Hala ere, hizkuntza indoeuropar askotan, optatiboa formazko zein funtziozko kategoria gisa galdu egin zen, hau da, subjuntiboarekin batu zen, edo subjuntiboak ordezkatu.
Albanieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Albanieraz, optatiboa (mënyra dëshirore, hitzez hitz, "desio-modu") desioak adierazten ditu, eta madarikazioetan eta zin egitean ere erabiltzen da.
- Desioa: U bëfsh 100 vjeç!! ("Ehun urtera iritsiko ahal zara!").
- Madarikazioa: Të marrtë djalli!! ("Deabruak eramango ahal hau!").
Antzinako grezieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako grezieraz, optatiboak hiru funtzio nagusi ditu:
- Desiozkoa, normalean εἴθε, εἰ γάρ, ὡς (eíthe, eí gár, ós) bezalako partikulez lagunduta, gauzagarri den nahia adierazten du: Εἴθε πλούσιος γένοιο (Eíthe plúsios "Aberastuko ahal haiz!").
- Kontzesiboak, adiera finkoetan erabili ohi dena, kontzesioa adierazten du: Εἴη (eín "Eta horrela izan bedi!"), Βαίη (Baín "Joan dadila!).
- Ahalezkoa, ἄν (án) partikulaz lagunduta, orainaldian gerta daitekeen zerbait adierazten du: Ἄν τις ἔλθοι (Án tis elthoi "Norbait etor liteke"), Ἄν θάνοις (Án thánois "Hil zintezke").
Optatiboak erabilera sintaktikoa ere du: subjuntiboaren eta optatiboaren txandakatzeak menpeko perpausetan consecutio modorum ("moduen segida") izeneko legea betetzen du, laburbilduz honela adieraz daitekeena:
- Perpaus nagusiak denbora nagusi bat badu (orainaldia, geroaldia edo perfektua —grezieraz, perfektuak ez du iraganeko ekintzarik adierazten, orainaldiko egoera edo ondorio bat baizik—), menpeko perpausa subjuntiboak ezaugarrituko du, eta horrek beti du denbora nagusiaren ñabardura. Aldiz, perpaus nagusiak denbora historiko bat badu (iraganeko edozein forma), menpeko perpausak optatibo modua izango du, kasu horretan zeihar modua deitua, beti du denbora historikoaren ñabardura, baina maiz subjuntibo modua ere izan dezake.
- "Esan" aditzak aurkeztutako zehar estiloan (verba dicendi, hau da, "esateko aditzak", askotan lehenaldian), indikatiboaren ordez optatiboa erabil daiteke (horri zeihar optatibo deritzo, zeharkako hizkeraren tipikoa, latinezko oratio obliqua deitzen den egitura).
Optatiboa nahiak eta potentzialtasuna adierazteko erabiltzen da perpaus independenteetan; nolanahi ere, beste funtzio batzuk ere baditu, egiazko kontuei kontrajarritako adierazpenetan, adibidez. Menpeko perpausetan —helburuzkoetan, denborazkoetan, baldintzazkoetan eta zehar estiloan—, optatiboa maiz erabiltzen da lehenaldian doazen aditz nagusietan. Desira bat adierazten duen optatiboa bere kabuz dago edo εἴθε (eithe) partikularen bidez adierazten da. Potentzialtasuna adierazteko, optatiboarekin batera, beti joaten da partikula itzulezin bat perpaus nagusi batean, eta bere kabuz egoten da menpeko perpaus batean.
| Εἴθε | βάλλοις |
| Eíthe | bállois |
| "Jaurtiko bazenu" /
"Zuk jaurtitzea espero dut". | |
| Χαίροιμι | ἄν, | εἰ | πορεύοισθε |
| Khaíroimi | án, | ei | poreúoisthe |
| "Pozik egongo nintzateke, bidaiatu ahal bazenu". | |||
Koine grekoz, optatiboa subjuntiboaz ordezkatzen hasi zen; Itun Berrian, batez ere, esamolde jakin batzuetan erabiltzen zen.
Haren amaieretako ezaugarria οι (oi) bezalako diptongoa aditz temadunen ezaugarri da, eta ι (i) aditz temagabeena.
Germaniar hizkuntzetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Askotan subjuntibo gisa ezagutzen diren germaniar aditz forma batzuk, berez, aurreindoeuroperazko optatiboaren ondorengoak dira. Gotikoak orainaldiko nimai subjuntiboa ("Hartuko ahal du!") antzinako grezierarekin konpara daiteke, φέροι féroi optatiboa ("Jasango ahal du!"). Optatiboa indoeuropar zaharra subjuntiboaz adierazia dela argi dago gotikoan, horrek "egiazko" indoeuropar subjuntibo zaharra galdu baitzuen, nahi eta asmo finkoa adierazten zuena. Haren funtzioa optatiboaren orainaldiak hartu zuen, aukerak, gauza irrealak eta desio orokorrak soilik islatzen zituena, hasieran.
Forma eta funtzionalitatearen berrikuntza germaniar bat optatiboaren lehenaldia izan zen, iraganeko eta etorkizuneko irrealisak (baldintzazkoak: Jan balu / Jango balu, adibidez) islatzen zituena. Hala erakusten dute gotikozko, goi aleman zaharreko, antzinako ingelesezko eta aintzinako eskandinavierazko frogek. Antza denez, lehenaldi optatiboaren (berriaren) erabilera hori, irrealis-modu gisa, aitzingermanierazko lehenaldiak, bere garaian perfektua zenak ([+bukatua], alegia) indogermaniar aoristoa ordezkatu ondoren hasi zen.
Nederlanderaz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Protogermanikoak ere bazuen modu hori, eta hortik sortu zen, adibidez, nederlanderazko willen aditzaren orainaldiko konjugazio irregularra ("nahi du": hor espero zen aditz pertsonala wilt da, ordea); halaber, nederlanderazko esaera arkaiko samar bat, Leve de Koning ("Biba erregea", hitzez hitz, "Bizi bedi erregea"), gaur egun oraindik hizkuntza germanikoetan optatiboak bizirik dirauela erakusten duen beste adibide bat da.
Danieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Danieraz, inflexio forma galduta dago neurri handi batean, baina oraindik ere forma fosilen batean ageri da zenbait esamolde finkotan, adibidez, Ole længe leve ("Biba Ole" ["Ole luze bizi", hitzez hitz]), Gud velsning dig ("Jainkoak benedika hazala"), Gud bevare Danmark ("Jainkoak salba beza Danimarka") eta Gud ske tak og lov ("Eskerrak Jainkoari"): infinitibozko forma bezalakoa da.
Islandieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Islandieraz, batez ere subjuntiboa erabiltzen da beste hizkuntzetako desioak adierazteko:
- Ég vona að þér líði vel ("Espero dut azterketa honetan ondo egitea", subjuntiboa).
- Gangi þér betur á þessu prófi ("Zorte ona zuri azterketa horretan", subjuntiboa).
Baina batzuetan, aditzetarako desio modu berezi bat dago, eta kasu horretan, desio modua izan aditza da:
- Friður veri með þér Jóna ("Bakea izan bedi hirekin, Jóna").
- Veri hann hábölvaður ("Madarikatua izan bedi").
- Guð veri með þér ("Jainkoa hirekin izan bedi").
Ingelesez
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingelesak optatibo morfologikorik ez duen arren, antzeko egiturek esanahi optatiboa ematen diote, zenbait aditz modalen erabilera barne:
- May you have a long life! ("Bizitza luzea izan dezazula!" / "Bizitza luzea izango ahal duzu!" / "Bizitza luzea opa dizut!").
- Would that I were younger ("Gazteagoa banintz!).
- So mote it be ("Horrela izango ahal da" / "Horrela izan dadila" / "Horrela izan bedi").
Perifrasi-egiturek if only ("baldin bakarrik", hitzez hitz) + subjuntibo bat dute:
- If only I were rich ("Aberatsa banintz!").
- I would sing if only I weren't tone deaf ("Kantatuko nuke, tonuan baldarra ez banintz").
Modu optatiboa eliptikoki ere adieraz daiteke:
- (May) God save the Queen! ("Jainkoak salba beza erregina!")
- (May) Have a nice day ("Egun ona izan" / "Egun ona opa dizut").
- (May) God bless America ("Jainkoak bedeinka beza Amerika" / "Jainkoak bedeinka dezala Amerika").
Let's (edo Let us, pluralezko lehen pertsonari proposamenak zein aginduak egiteko erabilia) aditz kohortatiboko esaldiek modu sintaktiko bat adierazten dute, modu optatiboaren azpimultzo gisa:
- Let's try it ("Proba dezagun").
- Let us pray ("Otoitz egin dezagun").
Latinez
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Latinez ere, subjuntibo berriagoa indoeuroperazko optatiboan oinarritzen zen. Latinaren aldaketa horrekin, subjuntibozko hainbat forma zahar geroaldiko forma bihurtu ziren. Horren arabera, debekuzkoa (ezezko desioa eta galarazpena) *ne + orainaldiko optatibozko aditz formaren konbinazioaz eratu zen.
Errumanieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errumanieraz, baldintzazko moduak eta optatiboak forma berak dituztenez, baldintzazko-optatibo modua esaten zaio.
Errusieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errusieraz, optatiboa ez da modu independente gisa bereizten; hala ere, agintera + -ка (-ka) partikula txikigarriaren bidez adieraz daiteke: Дай-ка я пойду! (Dai-ka ya poudu! "Agian, joango naiz!"), Поработаю-ка! (Poroboruyu-ka! "Agian, lan egingo dut!"), edo partikulen laguntzaz ere bai: Чтоб ты провалился! (Txtob ty provalilsya, "Huts egin ezak!" / "Huts egin ezan!"), Да сотрётся память о тебе (Da sotrotsya pamyat' o tebe! "Hire oroitzapena ezaba bedi!"). Adiera horretan, optatiboa aginteraren eta subjuntiboaren artean dago. Ikertzaileen iritziz, indoeuroperazko optatiboa eslaviar aginteraren oinarria izan liteke.
Madarikazioak edo bedeinkapenak adierazteko modu tradizionala da, avareraz –ez da hizkuntza eskaviarra, ezta indoeuroparra ere– oso erabilia da: horrelakoekin, hiztunak ekintza jakin bat gertatzeko nahia adierazi ez ezik, hare ezarpena eragiten saiatzen da. Avarerak bi optatibo morfologiko ditu: lehen forma aditzaren aginteratik sortzen da, -ги ("-gi") atzizkia gehituz. Adibidez, Хва! (Khva!, "Hil hadi!") — Хва-ги! (Khva-gi, "Hil bedi!", "Hil dadila!": aditza khveze da, "hil"); baina eslaviar hizkuntzetan, halako "madarikazio" optatiboak ere badaude lagunarteko hizkeran, nahiz eta azkenaldian XX. mendearen lehen erdian baino gutxiago erabiltzen diren (adibidez, ukrainieraz Щоб тобі повилазило! (Xtxob tobi povilazilo! "Begiak lehertuko ahal zaizkik!", "Begiak lehertuko ahal ziazkin!"), avareraz baino gutxiagotan, ordea.
Charles Jacques Veyrenc hizkuntzalariaren arabera, optatiboaren erabilera guztiek "botere handiago" bati dei egitea esan nahi dute.
Sanskritoz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sanskritoz, optatiboa aditz-erroari bigarren mailako amaierak gehituz osatzen da. Batzuetan desioak, eskaerak eta aginduak adierazten ditu: bhares "Jasan ahal izan dezazula" (boz aktiboa) eta bharethās "(Zeure burua) Jasan ahal izango duzu" (boz ertaina). Aukerak ere adierazten ditu (adibidez, kadācid goṣabdena budhyeta "Agian esna liteke behien marrumen ondorioz") edo zalantza eta ziurgabetasuna (adibidez, katham vidyām Nalam "Nola izango nintzateke Nala ezagutzeko gai?"). Batzuetan, optatiboa erabiltzen da, baldintzazko moduaren ordez.
Finlandieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Finlandieraz, optatiboa edo bigarren agintera, arkaikoa da, batez ere poesian agertzen dena, eta lehen aginterarekin suplezioan erabiltzen dena. Bokal-harmoniaren arabera, -ko- eta -kö- atzizkien bidez eratzen da (lehen inperatiboak, ordea, -ka- eta -kä- atzizkiak darabiltza), bi kasuok kontsonante mailaketaren menpeko izanik; adibidez, kävellös ("Ibiliko haiz") kävellä ("ibil") aditzaren orainaldiko optatibozko singularrezko bigarren pertsonaren boz aktiboa da, eta ällös kävele, ezezkoa ("Ez hadi ibil"): dagozkien lehen aginterazko forma kävele eta älä kävele dira.
Guztira 28 aditz-inflexio eraiki daitezke optatiboan, boz aktibo eta pasiboaz osatuak, orainaldiaz eta perfektuaz, hiruna pertsona singularrean nahiz pluralean, eta begirunezko forma plurala. Forma horietako gehienak, guztiak ez esatearren, guztiz arraroak dira, ordea, eta profesionalak ez direnek ez dakizkite. Esamolde batzuk baino ez dira geratu eguneroko hizkeran; adibidez, ollos hyvä esaten entzun daiteke, ole hyvären ordez ("Mesedez" edo "Hemen duzu"). Forma horrek ñabardura hanpatua darama edo txantxetakoa.
Optatibozko formaltasuna lehen eta bigarren aginteraren bidez adieraz daiteke. Adibidez, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren bederatzigarren artikulua Älköön ketän pidätettäkö mielivaltaisesti esaldiaz hasten da ("Inor ez da arbitrarioki atxilotuko"): hor, älkön pidätettäkö ("ez bedi atxilo", hau da, "ez da atxilotua izango", "ez da atxilotuko") ei pidätetä ("ez da atxilotua") esaldiaren agindua da. Halaber, -isi- baldintzazko modua -pa klitikoarekin batera erabiltzeak esanahi optatiboa ematen du, adibidez, olisinpa ("oxala banintz"). Hor, agerikoa da nahia ez dela bete, eta ziurrenik ez dela beteko.
Japonieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Japonierazko optatiboa -ba (-ば) edo -tara (-たら) bezalako baldintzazko atzizki bat erabiliz eratzen da. Adibidez, "denbora luzeagoa egotea nahi nuke" hitzez hitz honela adierazten da: 時間があれば、良いのに (Jikan ga areba, ii noni, "Denbora egongo balitz, ona izango litzateke"): hor, aru, zerbait badagoela adierazteko aditza, baldintzazko areba formaren ba- forma da; 良い (ii, "on izan" [orainaldian edo, nahiago bada, ez-iraganean]) lehenaldian 良かった (halaber, よかった yokatta) formaz adierazten bada, esaldiak damua agertzen du, desio edo itxaropenaren ordez.
時間があれば、良かったのに (Jikan ga areba, yokatta noni, "Denbora egon balitz, ona izango zatekeen", esan daiteke denbora faltarengatik zapuztutako aukera bati buruz. Kontuan har bedi 時間があれば (Jikan ga areba) bi menpeko perpausotan berdin ageri denez, itzulpena perpaus nagusiko aditzaren araberakoa dela: nolanahi ere, bi-biak "Denbora egonez gero" bezalakorik erabilita eman daitezke euskaraz: Denbora egonez gero, ona izango litzateke [agian hartarako tarte egokia egonen da] vs Denbora egonez gero, ona izango zatekeen [ez zen, ez, hartarako tarte egokirik egon eta kontu hura ez zen ona izan].
Modu optatiboa aditzari 様に (halaber, ように yō ni idatzia) atzizkia gehituz ager daiteke halaber, normalean forma adeitsuaz. Esate baterako, 楽しい旅になりますように (Tanoshī tabi ni narimasu yō ni, "Bidaia atsegina izan dezazula" / "Bidaia atsegina izan dezazuela").
Hebreeraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hebreera biblikoak antzinako greziera edo sanskritoa bezalako berezko optatiborik ez zuen arren, maiz optatiboaren antzeko egiturak adierazten ditu galdera erretorikoen bidez, bereziki מי (mi "nor" esan nahi du) izenordain galdetzailearekin hasten direnak. Horiek, sarritan, grina edo desiozko pentsamendua adierazteko erabiltzen dira, batez ere testuinguru poetiko eta profetikoetan.
Hebreerazko optatiboaren itxurako egitura baten adibidea מי יתן da (Mi yiten?, hitzez hitz, "Nork emango du?"). Esaldi hori desio sakon bat adierazteko erabiltzen da, askotan eskuraezina Job 6:8-an: מי יתן תבוא שאלתי (Mi yiten tavo she'elati): "O, nire eskaera bete bedi".
Horrek hiztunak bere kontroletik kanpoko zerbaitekiko duen irrika agertzen du: beste hizkuntzetako optatiboaren antzera funtzionatzen du.
Beste adibide bat Talmud-en (Avodah Zarah 10b) argitaratuta dago: מי ישים (Mi ysaim?, "Nork kokatuko du?"). Esaldi hori irrika erretorikoaren testuinguruetan agertzen da: מי ישימני מצע תחתיך לעולם הבא (Mi yasimeni matz'a tachat'cha le'olam haba, "Nork eginen dit ohea zure azpian Datorren Munduan?").
Adierazpen horiek umiltasuna transmititzen dute, eta goragoko botere batek bakarrik eman lezakeen zerbaiten itxaropena, desirak edo hipotesiak adierazteko modu optatiboaren antzera.
Hebreerazko galdera erretoriko horiek optatiboaren antzeko funtzioa betetzen dute: zuzenean agindu edo espero ezin diren nahiak, itxaropenak edo desioak adierazteko modua ematen dute.
Mongolieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mongolierazko optatiboa edo "desiratzeko forma" (Хүсэх Хэлбэр Khüsekh Khelber), neurri handi batean, "beste norbaiti entzulearekin loturarik ez duen desio baten berri emateko" erabiltzen da. Lagunartean, ordea, bigarren pertsonako desiozko agintera baterako ere erabil daiteke. Aditzaren erroari -аасай / -ээсэй / -оосой (-aasai / -eesei / -oosoi) atzizkiak erantsiz eratzen da. Adibidez, Үзэх (üzekh "ikus"), үз—ээсэй (üz—eesei "ikusi nahi nuke").
| Миний | дүнг | ээж | үзээсэй |
| Minii | düng | eezh | üzeesei. |
| "Amak nire emaitzak ikus litzan nahi nuke",
"Amak nire emaitzak ikustea nahi nuke". | |||
Lehenaldiaren bidez, nahiak osatzeko ere erabil daiteke:
| Чи | ирсэн | баиж | ч | болоосой |
| Chi | irsen | baizh | ch | boloosoi. |
| "Etorri bazina" (ene desioa zen). | ||||
Swahiliz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Swahiliz, optatiboa aditz forma arrunta da, baita lagunarteko hizkeran ere. Haren erabilera ugariak ondorengo adibideek agertzen dituzte, eta azken horrek, aditz forma izan arren, ez du nahi edo helbururik adierazten. Kontuan izan optatiboak askotan "beraz, hori" bezalako juntagailuak ez dituela beharrezko bihurtzen.
| Swahiliz | Hitzez hitz | Euskaraz |
|---|---|---|
| tuimbe wimbo | gu-gusta-kantatu kanta | Kanta dezagun kanta bat! |
| mapenzi yako yatimizwe | nahi-hire benetako bilaka | Egin bedi hire nahia. |
| nilimwambia aje | esan-nion etor-zedin | Etortzeko esan nion. |
| usinisumbue | ez-nauk-(naun)-ni-gogaitu-behar | Utzi bakean! |
| imempasa aende | dagokio joan-bedi | Orain alde egin behar luke. |
| najifunza Kiswahili niweze kuzungumza na Watanzania | ikasten-dut swahili nahi-dut-ahal-izan aritu tanzariarrekin | Swahilia ikasten ari naiz tanzaniarrekin hitz egin ahal izateko. |
| waacheni watoto wadogo waje kwangu, wala msiwazuie | utz-itzazue haurrak txikiak etor-daitezen, eta ez-itzazue-oztopa | Utzi haurrei niregana etortzen, ez galarazi. |
| alimtazama asimtambue | ikusi-zuen ez-zuen-ezagutu | Ezagutu gabe begiratu zien. |
Ikusten denez, aditz formek informazio handia daukate, hots, subjektua, objektua, denbora edo modua, balizko ezeztapena eta, bigarren adibidean, boz pasiboa. Hori atzizkien aglutinazioaren bidez lortzen da eta swahiliari buruzko artikuluko aditz morfologiari buruzko atalean deskribatzen da. -e amaieran ezagutzen diren aditz optatiboek subjektu aurrizkia, ezeztatzen bada, si- aurrizkia, aukerako objektu aurrizkia eta aditz- erroa baino ez dituzte, haren -a amaiera -e bihurtzen da (-a moduko amaierarik ez duten aditzak aldatu gabe mantentzen dira).
Sumerreraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sumerreraz, lehen pertsonako optatiboak, beste pertsonetarakoekin parekaturik, bestela eratzen da:
| Pertsonak | Izendapena | Adibidea (sumerreraz) | Itzulpena |
|---|---|---|---|
| lehena | Kohortatiboa / hortatiboa | ga-na-b-dug | Esan nahi diot, |
| bigarrena eta hirugarrena | Prekatiboa | ḫe-mu-ù-zu | Esperimentatu behar zenuke. |
Hortaz, kontuan har bedi kohortatiboko lehen pertsonaren adierazle "normala" (-en atzizkia bide da) alde batera uzten dela gehienbat, aurrizki kohortatiboarekin lehen pertsona jada adierazten baita. Prekatiboari dagokionez (hiztunak eskatzen duen gertaeretarakoa, alegia), pertsonaren adierazlea erabili behar da bigarren eta hirugarren pertsonak bereizteko.
Turkieraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Turkierazko optatiboa desio moduaren (dilek kipi) parte da, agindua, desioa, beharra edo nahia islatzen dituena. Hainbat ñabardura semantiko ditu. Adibidez, "etor" adierazteko hitza (infinitiboan, gelmek) optatiboan geleyim forma bilakatzen da. Horrek ere hitz bakarreko perpausak sortzen ditu:
- Geliyorum ("Etortzen naiz").
- Gelebilirim ("Etor ninteke", "Agian etorriko naiz").
- Gelirim ("Etorriko naiz").
- Gelmek istiyorum.("Etorri nahi dut").
- Gelmeliyim ("Etorri behar nuke").
Optatiboa aginteraren antzekoa da eta hiztunaren nahia edo beharra adierazten du. Lehen pertsonan bakarrik erabiltzen da eta aditz-erroari atzizki bat gehituz eratzen da. Baiezko forman, atzizkia -eyim edo -ayım da singularrez lehen pertsonarako eta -elim edo -alım pluralezko lehen pertsonarako, bokal-harmoniaren arabera. Ezezko formarako, beti ere bokal-harmonia betez, aditz-erroaren eta atzizkiaren artean -mey edo -may gehitu besterik ez dago, numero gramatikala edozein dela ere. Adibidez: Sinemaya gidelim ("Zinemara joan gaitezen"): hor, optatiboa hizlariaren nahia adierazteko erabiltzen da, -elim atzizkiaz, git- aditz-erroaren azken bokala /i/ aurrealdeko bokala delako.
Nolanahi ere, beharra adierazteko ere erabil daiteke, Daha fazla kalmayayım ("Ez naiz gehiago geratuko") perpausean bezala: horretan, -may (ezeztapenerako) eta -ayım atzizkietara jo da, kalmak ("gera") aditzaren kal- erroak atzealdeko bokala duelako.
Desirazko modua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-a edo -e atzizkia hartzen du.
- Gelmek ("etor") > Geleyim ("Etor nadin"); Kalmak ("gera") > Kalasınız ("Gera zaitez").
Desiozko-baldintzazko modua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-sa edo -se atzizkia hartzen du. Hurrengo adibideak desio bat islatzen du:
- Gelse ("Etorriko balitz"); Kalsanız ("Geratuko bazina").
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) «OPTATIVE - Definition and synonyms of optative in the English dictionary» educalingo.com.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Piarres LAFITTE, Grammaire basque (navarro-labourdin litéraire) 1944 [1962 eta 1978], 337. or.