Petankabolak jaurtiz bi edo pertsona gehiagoren artean jokatzen den jokoa da. Distantzia jakin batetik tamaina ertaineko bola batzuk aurrez bota den beste bola txikiago batetik ahalik eta gertuen botatzean datza.[1]
Egungo jokoa 1907anProventzakoLa Ciotat herrian sortu zen. Izan ere, euskarazko izena okzitanierazko (proventzera aldaerazkoa hain zuzen ere) petanca (peˈtaŋkɔ) hitzetik dator.[2] Okzitaniatik mundu zabalera hedatu zen eta egun Frantzian 17 milioi jokalari inguru ditu.
Kirol mota hau edozein lekutan jolas daiteke, baina normalean leku lauetan jokatzen da bola metaliko batzuekin eta bolitxe batekin.
Petanka jokoaren hastapenak, k.a V.I mendean hasi ziren, greziarrak txanponak ahalik eta urrutien jaurtitzera jolasten hasi zirenean. Geroago, erromatarrak izan ziren jokoa garatu zutenak, itu batera hurbiltzeari dagokion araua ezarriz. Galiara eta Alemaniara heldu zen eta zentzu erlijioso bat hartu zuen, Ingalaterran debekura eraman zuena. Sortutako lehenengo bolak buztinezkoak eta harrizkoak ziren, gero egurrezkoak eta azkenik altzairuzkoak.[3]
Petanka jokalariak 1840an
XIX. mendean, "boules" modura ezagututa, Frantzia guztira hedatu zen. Frantziako hegoaldekoei izugarri gustatzen zitzaizkien arau sinpledun joko luzeetan aritzea eta eremua libreki aukeratzea. Bertan, tiratzaileek, hiru pauso ematen zituzten bultzada irabazteko eta horrela ohitu ziren aurrerantzean jokalariak.
1904an, Félix Rofritsch izeneko alsaziar batek, lehenengo burdinazko bola fabrikatzeari ekin zion, Marseillako "rue des Fabres" lantegian, "La Boule Bleue" etiketarekin.[4]
1907an, gaur eguneko jokoa sortu zen, bultzadarik gabekoa, La ciotat-eko joko historikoan. Bertan Jules Huguesek, "Lenoir" izeneko joko proventzaleko txapeldun batek, erreumatismoaren ondorioz, ezin zuen bere jokorik gogokoena jokatu, horregatik, zirkulu bat marraztu zuen itua 5-6 metrora bidaltzeko, oinak hondoratuta zituela. Jaurtiketa, Ernest eta Joseph Pitiot jabeen bolatokian gertatu zen, La boule étoile-an. Bi anaiek berehala ulertu zuten kirol honen interesa, bereziki Ernestek, jokoaren arauak amaitzeari ekin ziolarik.[5]
1910ean Ernest pitiotek lehen lehiaketa ofiziala antolatu zuen arau berri batzuekin:
Jokoa eremu laburrago batean jokatzea
Pilota bultzadarik gabe jaurtitzea
Oinak parean edukitzea
1958ko martxoaren 8an, munduko txapelketak antolatzeko asmoz, Petankaren Federazio Internazionala sortu zen Marseillan (F.I.P.J.P). Zazpi herrialdek parte hartu zuten: Espainia, Frantzia, Maroko, Monako, Suitza, Belgika, eta Tunisia. Lehenengoko txapelketa 1959an izan zen Spa hirian, Belgikan, eta harrezkero bi urtean behin antolatzen da[6]
Bolitxea 30mm-ko diametroa duen egurrezko pilota txiki bat da eta jaurtiketa bolen jomuga. Antzina bolitxea ez zen margotzen, baina gaur egun kolore biziz margotzen da, urrutitik ondo ikusteko.
Partida bat jokatzeko, edozein leku lautan jolas daiteke, parke batean edo hondartzan adibidez. Hala ere, ez da berdina leku gogor eta leun batean jokatzea edo eremu zakar eta harritsu batean.
Nazioarteko lehiaketetan, 15 metroko luzera eta 4 metroko zabalera duten zelai laukizuzenak dira. Hala ere,16m x 5 m-ko neurriak izan ditzake beste lehiaketa batzuetarako.
Bestalde, Jaurtiketarako borobilak, 35-50 cm-ko diametroa du eta 6-10 m ingurura egon behar da bolitxetik.
Petanka jokoaren helburua, bolak bolitxe izeneko itu batetik ahalik eta hurbilen jaurtitzean datza. Bi pertsona edo gehiagoren artean jolas daiteke, arau batzuk errespetatuz: [9][10]
Jokatzen hasteko, zozketa egiten da, eta aukeratutako taldeak edo pertsonak, abiapuntua aukeratu eta lurrean zirkunferentzia bat marrazten du, 30 cm-tik 50 cm-rako diametrokoa.
Banakako eta binakako partidetan jokalari bakoitzak hiru bola metalikorekin jokatzen du. Hirukotetan berriz, bi bolarekin.
Jokalarien oinak ezin dira zirkunferentziatik atera bolak lurra jo arte.
Partidak 13 puntura jokatzen dira.
Puntua bolitxetik gertuen dagoen bolari dagokio, baina aurkariak bere bolak jokatzen jarraitzen du, puntua berreskuratu arte.
Taldean jokatzen bada, talde bakoitzak bola bat du, eta beste taldearen bola baino gertuago badago, puntua irabazten du. Azkenean txanda bakoitzeko puntuak gehitzen dira.
Bolek metalikoak izan behar dute, 70 mm eta 80 mm arteko diametroarekin eta 600-800 g arteko pisuarekin.
Bolitxea egurrezkoa izaten da eta 30 mm-ko diametroa du.
Bola jaurtiketa modu askotan egin daiteke, baina jarrera ohikoenak zutik, hankak erdi flexionatuta edo kokoriko dira.
Frantziak, kirol hau gehien praktikatzen duen herrialdea izateaz gain, munduko nazioarteko txapelketa garrantzitsuenak ditu. Ezagunena, "Mondial la Marseillaise à Petanque" da, urtero Marsellan jokatzen dena, 10.000 parte-hartzaile baino gehiagorekin eta 150.000 ikusle baino gehiagorekin.[11]
Beste txapelketa nazional ospetsuen artean, "Team trophy" txapelketa dugu, 2017tik L'Équipe egunkari Frantsesak antolatutako talde txapelketa.[12]
Philippe Quintais, Frantzian jaiotako petanka jokalari profesionala eta belaunaldi honetako jokalari onenetarikoa da.[15] Hamabi urte zituenean hasi zen jokatzen eta hainbat txapelketa irabazi ditu banaka eta taldeka.
Irabazitako txapelketen artean, hamalau Munduko txapelketa eta hamabi Frantziar txapelketa ditu.
Philippe Suchaud, Frantzian jaiotako jokalari profesionala da, Munduko txapelketa hamalau bider irabazi duena.[16] Philippe Quintais jokalariarekin, kirol guztietako Munduko txapelketa gehien dituztenak dira, Antoine Albeu Frantziar windsurflariaren 25 txapelketak alde batera utzita.
Bestalde, hamaika Frantziar txapelketa eta zazpi Frantziar kopa irabazi ditu.
Henri Lacroix, Frantzian jaiotako jokalari profesional bat da, hamahiru bider Munduko txapelketa irabazi duena. Philippe Quintais-ekin eta Philippe Suchard-ekin, Frantziako "dream team" famatua sortu zuen, lau urtez segidan, Frantziako hirukote txapelketa irabaziz (2006-2010).[17]
Yolanda Matarraz, Espainiar jokalari profesionala da, bost bider nesken Munduko txapelketa eta Europako txapelketa irabazi dituena. Hamaika urte zituenetik jokatzen du petankan, eta gaur egun Frantziar talde batean jokatzen du.[18]
Kultura gizarte baten adierazpen-multzoa da, eta beraz, petanka jokoa ez dago gizarte horretatik salbuetsita. Hala ere, kultur-arloan, honekin erlazionatuta, estatuak eta museoak aurki ditzakegu.
Estatuetako bat Leeds herrian kokatuta dago, petanka zelai baten alboan, txapelketa baten oroigarri. Brontzez egin zuen Roger Burnettek, 2.000 urtean.[20]
Bestalde, Tolosa herrian, Frantzian, petankaren museo bat dago, Maison de la Pétanque deitua. Bertan, kirol honi buruzko koadroak, grabatuak, liburuak, zinema-kartelak eta hainbat objektu ikus ditzakegu, besteak beste, petankako lehen altzairuzko bola, 1927an egina Saint-Bonnet-le-Château-n.[21]
Ipar Euskal Herrian bada petankan aritzeko ohitura eta hainbat elkarte badira, kostaldean batez ere.[22]
Hego Euskal Herriari dagokionez, petanka gutxien praktikatzen diren kirolen artean dago. Hala ere, hainbat petanka talde daude. Hego Euskal Herriko leku desberdinetan eta talde hoberenak Euskal Petanka Erakundean sartzen dira, Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera izanda.[23] Beste autonomia-erkidegoekin konparatuz, jolaseko lizentziadunen artean, gutxienetan dago, 166 lizentziadunekin. Aldiz Katalunian,Balear Uharteetan edo Andaluzian, 1.000 lizentziadun baino gehiago daude.[24]