Transvaal
Transvaal Hegoafrikako ipar-ekialdeko eskualde historikoa da. Pretoria zuen hiriburu. Egun, Gauteng, Ipar-mendebaldea, Limpopo eta Mpumalanga probintzien artean zatituta dago. Bertan dago Witwatersrand, Hegoafrikako multzo industrialik handiena.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Transvaal Lurmutur probintziatik zetozen boer kolonoek kolonizatu zuten 1830eko eta 1840ko hamarkadetan, Migrazio Handia deitua izan zenean. Erraz garaitu zituzten bertakoak eta Britainiar Inperioaren kontroletik kanpo errepublika ugari sortuz ezarri ziren. 1850eko hamarkadan britainiarrak errepublika boerrekin adostasunetara iristen hasi ziren, Hegoafrikaren independentzia bermatuz Transvaal horretan. Britainia Handiak lurralde horiek 1877an erantsi zituen, uste denez bere babes propiorako, baina Boerren Lehen Gerraren ondoren berriz euren independentzia lortu zuten 1881ean. 1885 hasieran, Witwatersranden urre mea bikain baten aurkikuntzaren ondorioz, atzerritar (uitlander) asko bertaratu ziren Transvaalera. Horrek guztiak britainiarrek eskualde horretarako zituzten asmoetarako beldurra areagotu zuenez, boerrak 1899an eraso prebentibo bat egitera behartu zituen. Boerren Bigarren Gerra 1900ean Transvaal Britainiar Inperiora erantsiz amaitu zen. Handik hamar urtera, boer errepublikak Lurmuturreko koloniarekin batu eta Hegoafrikar Batasuna eratu zen.
1961ean, Batasunak Commonwealtharen zati izateari utzi zion eta Hegoafrikako Errepublika osatu zuen. PWV deritzona, Pretoria, Witwatersrand eta Vereenigingek Transvaalen osatutako eremua (gaur egun Gauteng), Hegoafrikako motor ekonomikoa bihurtu zen, orain ere hala delarik.
1994an, Hegoafrikan sufragio unibertsal bidez eginiko lehen hauteskundeen ondoren, Estatuaren banaketa administratiboa berrantolatu zenez, jada ez ago Transvaal probintziarik.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Antzinako Transvaal probintzia Vaal ibaia hegoaldean eta Limpopo ibaiaren artean iparraldean dago. 1994ra arte indarrean egon zen aurreko banaketa administratiboaren arabera, Transvaalen mugak honako hauek dira: hegoaldetik Orange Estatu Askea eta KwaZulu-Natal probintzia, mendebaldetik Lurmutur probintzia eta Betxuanalandia (ondoren Botswana), iparraldetik Rhodesia (ondoren Zimbabwe), eta ekialdetik Portugaldar Erdialdeko Afrika (ondoren Mozanbike) eta Swazilandia. Hego-mendebaldetik ezik, muga hauek muga naturalek adierazten dituzte.
Bantustan asko (lurjabe zuriek apartheid garaian beltzentzako mugatutako eremuak) osorik Transvaal barnean zeuden: Venda, KwaNdebele, Gazankulu, KaNgwane eta Lebowa. Boputatsuana, Lurmutur probintzia eta Orange Estatu Askearen zati batzuk ere Transvaalenak izan ziren.