Gernikako Arbola
| Gernikako Arbola | |
|---|---|
| Kokapena | |
| Herrialdea | |
| Probintzia | |
| Herria | Gernika-Lumo |
| Koordenatuak | 43°18′53″N 2°40′47″W / 43.314722222222°N 2.6797222222222°W |
![]() | |

Gernikako arbola Gernikako (Bizkaia) Batzar Etxearen aurrean dagoen haritza (Quercus robur) da. Zuhaitz horrek bai bizkaitarren, bai euskal herritarren askatasun tradizionala eta Euskal Herriko foruak adierazten ditu. Gernikako haritza (bizkaieraz, aretxa) izena ere hartzen du. Hainbat Gernikako arbola izan dira, bata bestearen ondoren, bakoitza aurreko Gernikako arbolaren hazitik etorria. Oraingo zuhaitza 2005eko otsailaren 25ean landatu zuten. Aurrekoa 1860an sartu zuten zin egiteko tribunaren aurrealdean, eta 2004an hiltzat eman zuten, munduan zehar banatuta dauden ondorengo ugari eman eta gero.
Batzar Etxearen lorategian Haritz Zaharra deitutakoaren enborra dago, tenplu itxurako aterpe biribilean babestua. Ez da lehenengo Gernikako arbola, baina gure garaira iritsi den zaharrena bai.
Zuhaitzaren historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aita Haritza (1564-1811)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erregistratutako zuhaitz zaharrenaren jaiotza data XIV. mendean ipini ohi da: Lehenengo Haritza edo Aita Haritza izan zen, eta 1564an landatu zela uste da[1]. Garai hartan hariztia zegoen Gernikako Juntetxean.[2] 1811. urtean hil zen Aita Haritza[1].
1742. urtean Haritz Zaharra deritzonak ordezkatu zuen. Haren enborra gaur egun ikusgai dago Gernikako Batzarretxearen esparru barnean. 1742an tribunaren atzeko aldean landatu zuten.[2]

Haritz Zaharra (1742-1892)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1742an landatua, Aita Haritza ordezkatu zuen. Lehen Gerra Karlista betean, 1835ean, Baldomero Esparterok hura mozteko agindua eman zuen, baina ez zen gauzatu. 1839an Maria Kristina Borboikoa erreginordeak Elisabet II.a Espainiakoa erreginaren izenean Hego Euskal Herriko foruei zin egin zien; usadio hura gauzatu zen azken aldia izan zen. 1892an hil zen[1], eta enborra tenplu itxurako aterpe batean dago gordeta.[2]
Haritz Semea eta haren ondorengoak (1892-2004)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1859an, kioskoaren aurrealdean zuhaitz bat landatu zuten, baina 1861ean idortu egin zen, eta urte berean beste bat landatu zuten: Haritz Semea delakoa. Haren azpian zin egin zuen Jose Antonio Agirre lehendakariak. Zuhaitz horrek hartu zuen 1892an hil zenaren lekukoa, 1937an faxisten bonbardaketatik onik atera zen, eta 2004 arte iraun zen.[2]
2004ko apirilaren 20an erretiroa eman zioten, eta 2005eko otsailaren 23an haren kimuetako batek ordezkatu zuen. 2004. urtean 1979an landatutakoak hartu behar zuen lekukoa; baina ez zen hala izan.[2]
Haritz Berria (2015- )
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2015eko urtarrilaren 15ean jakin zenez, Gernikako arbola ihartu egin zen eta otsail amaiera edo martxo hasierarako bosgarren belaunaldiak hartuko zuen lekukoa.[3] 2015eko martxoaren 2an haren ondorengoa landatu zuten. Haritz berria Arratiako baso batean hazitako 15 urteko zuhaitza da.
Haritz horren ondorengo diren zuhaitz ugari ere badira munduan zehar banatuak, euskal diasporako hainbat komunitatetan landatuak.
1985ean Buenos Aires (Argentinako hiriburua) hirian hauetako haritz bat zegoen. Zuhaitza, laurak-bat euskal elkarteko eraikin barruan zegoen. Txokoa zegoen gelan zegoen zuhaitza, hain zuzen ere. Eraikin hau Belgrado eta Lima kaleen arteko erpinan dago kokatua. Beste adibide bat Chileko hiriburuan aurkitu dezakegu, Santiagon, alegia. Haritza San Kristobal mendian dagoen eliza ondoan dago. Eliza hau hirian bertan dago eta igotzeko Artxandako Funikularra bezalako funikularra dauka.
Lehendakariaren zina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jose Antonio Agirrek, Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariak, zuhaitzaren pean zin egin zuen. Geroztik, hitz haiek berak erabili izan dituzte agintariek han kargua zin egitean.
Oroitarri batean daude hitzok jasoak:
| « |
Jaingoikuaren aurrean apalik |
» |
2009ko maiatzaren 7an, Patxi López lehendakari hautatu berriak hitzak aldatu zituen, eta hau esan zuen Gernikako arbolaren aurrean:[4]
| « | Lur gainean zutunik, zuon, hiritarren ordezkarion aurrean, Gernikako Arbolaren azpian, asaben gomutaz, legearen errespetuz, nire agintea ondo betetzeko hitza ematen dut. | » |
Gainera, ordu arteko zina, Patxi Lópezek promesa bihurtu zuen. Eta aurrekoetan ez bezala, Espainiako Konstituzio eta Gernikako Estatutu banarekin egin zuen promesa. Aurreko lehendakariek (denak jeltzaleak) gurutze eta euskarazko biblia banarekin egin zuten zin. Horrez gain, euskara batua erabili zuen eta ez bizkaiera.
2012ko abenduaren 15ean, Iñigo Urkulluk, Lehendakari jeltzale berria, betiko zina egin zuen, aldaketa txiki batzuekin:
| « |
Apal-apalik |
» |
Aldi hartan, lehendakariak Gernikako Estatutu batekin eta Bizkaiko Foru Zaharrarekin egin zuen zina.
2024an Imanol Pradalesek Lehendakari karguaren zina egin zuen aldaera txikiekin. “Eusko lur gainean zutunik, Jaungoikoaren eta euskal gizartearen aurrean apalik, Gernikako zuhaitzpean, asaben gomutaz, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzo betetzea zin dagit.’’.
Gernikako arbola kantua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gernikako arbola Jose Maria Iparragirre musikari eta olerkariak Madrilen zuhaitzaren eta Euskal Herriko foruen omenez idatzitako zortzikoa ere bada.[5]
Kantuaren hitzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1
- Gernikako Arbola
- da bedeinkatua
- euskaldunen artean
- guztiz maitatua.
- Eman ta zabal zazu
- munduan frutua
- adoratzen zaitugu
- Arbola santua
- 2
- Mila urte inguru da
- esaten dutela
- Jainkoak jarri zuela
- Gernikako Arbola.
- Zaude bada zutikan
- orain ta denbora
- eroritzen bazera
- arras galdu gera
- 3
- Ez zera eroriko
- Arbola maitea
- baldin portatzen bada
- Bizkaiko Juntea.
- Laurok hartuko degu
- zurekin partea
- pakian bizi dedin
- euskaldun jendea.
- 4
- Betiko bizi dedin
- Jaunari eskatzeko
- jarri gaitezen danok
- laster belauniko.
- Eta bihotzetikan
- eskatu ezkero
- Arbola biziko da
- orain eta gero.
- 5
- Arbola botatzia
- dutela pentsatu
- Euskal Herri guztian
- danok badakigu.
- Ea bada jendea
- denbora orain degu
- erori gabetanik
- eduki behar degu.
- 6
- Beti egongo zera
- udaberrikoa
- lore aintzinetako
- mantxa gabekoa.
- Erruki zaitez bada
- bihotz gurekoa
- denbora galdu gabe
- emanik frutua.
- 7
- Arbolak erantzun du
- kontuz bizitzeko
- eta bihotzetikan
- Jaunari eskatzeko.
- Gerrarik nahi ez degu
- pakea betiko
- gure lege zuzenak
- hemen maitatzeko.
- 8
- Erregutu diogun
- Jaungoiko Jaunari
- pakea emateko
- orain eta beti.
- Bai eta indarra ere
- zerorren lurrari
- eta bendizioa
- Euskal Herriari.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Gernikako Arbola eta Batzarretxea eta bertako hautetsiak 1866an.
- Begoñako Ama Bizkaiko zaindari izendatzeko akta irakurtzea 1903an
- Iñigo Urkullu lehendakariaren zina, 2012an.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 Euskal Museoa. (2026-01-21). «Gernikako Haritz- Zaharraren zatia (1742-1892)» museotik.euskadi.eus (kontsulta data: 2026-03-10).
- 1 2 3 4 5 Iker Tubia, «Kimutik kimura», Berria, 2015-01-16.
- ↑ Lander Muñagorri Garmendia, «Bosgarren belaunaldia ere loratuko da aurten», Berria, 2015-01-16.
- ↑ Eusko Jaurlaritza - Lehendakaritzaren webgune ofiziala.
- ↑ Gernikako arbola abestiaren hitzak eta musika, Youtube webgunean.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Gernikako Arbola Bizkaiko Batzar Nagusien webgunean
