Edukira joan

Maori

Wikipedia, Entziklopedia askea
Māori



Biztanleak guztira
800.000 inguru
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak
 Zeelanda Berria: 644.000
 Australia: 126.000
 Erresuma Batua: 8.000
 Ameriketako Estatu Batuak: < 3,500
 Kanada: 1.305
Hizkuntza
Ingelesa • maoriera
Erlijioa
Kristautasuna
Zerikusia duten beste giza taldeak
Polinesiar herriak

Maoriak[1] (maorieraz: māori, ˈmaːɔɾi ahoskatua) Zeelanda Berriko jatorrizko etnia dira, gaur egun oso gutxitua (biztanleen % 8 – 10 baino ez dira). Gaur egun, ia 700.000 maori bizi dira munduan (2001). Zeelanda Berritik kanpo, multzo esanguratsua bizi da Australian (70.000 inguru).

Māori hitzak «normal» edo «arrunt» esan nahi du. Aitzitik, pākehā berbak esan nahi du «maoria ez dena»; oro har, Europako jatorria dutenak izendatzeko erabilia; inoiz mespretxuzko zentzua ere badu.

Aztarna fidagarrienak oinarritzat hartuta, gizakiak K. o. 1280 inguruan iritsi ziren Zeelanda Berrira lehendabiziko aldiz. Maorien ahozko kondairetan kontatzen da haien arbasoak txalupa handietan (waka) ozeanoa zeharkatuz joan zirela Hawaiki-tik, Polinesia tropikaleko leku mitikotik, alegia. Migrazio kondairak desberdinak dira iwi batetik bestera, haien genealogiekin bat egiteko.

Polinesiako bidaiari horien aurretik, ez dago Zeelanda Berria populaturik zegoelako arrastorik. Arkeologiako, hizkuntzalaritzako eta antropologiako frogek lehendabiziko kolonoak Polinesiako ekialdetik joan zirela erakusten dute.

Maorieraren historiaren kronograma bat:[2]

  • Polinesiatik, ziur aski Tahititik, Zeelanda Berrira ailegatu ziren orain dela 600-800 urte uharteko lehenengo biztanleak izango zirenak.
  • 1200 – 1768: Maorien hainbat iwi (tribu) gaur egungo Aotearoan (Zeelanda Berria) kokatzen hasten dira.
  • 1814: Maorien lehen harremanak merkatari europarrekin. Maoriera Aotearoako hizkuntza nagusia da, baita europarrekin hitz egitean ere.
  • 1839: Lehen kolonoak iritsi dira Aotearoara, momentu oso garrantzitsua maorien galbiderako.
  • 1840: Te Tiriti o Waitangi (Waitangiko Akordioa) sinatu da.
  • 1840an maoriek eta europarrek Te Tiriti o Waitangi (Waitangiko ituna) sinatu zuten. Berez, maorien eta kolonoen arteko bizikidetza eta maorien eskubideak bermatzen dituen ituna da. Dena dela, kolonoek itun honen esanahia manipulatzen dute eta maorien aurkako arpilatzea hasten da.
  • 1850: Pākeha edo kolono txurien kopurua maoriena baino altuagoa da lehenengo aldiz, maoriera hizkuntza gutxitua bilakatzen da Aotearoan.
  • 1858an 56.000 maori inguru erroldatu zuten.
  • 1860.eko hamarkadatik eskolan maoriera erabiltzea debekatzen hasi ziren, hizkuntzaren prestigioa murriztuz. Horren harira, 1867an Native Schools Act dekretua kaleratu zen.
  • 1896: Maori populazioa, errolda ofizialaren arabera, bere punturik baxuenera iristen da (42.113 maori, Aotearoako %5,7).
  • 1928: Hezkuntza sistemak eduki eta metodologia berdinak inposatzen dizkie maoriei.
  • 1930.eko hamarkadan, maori gehienek oraindik egiten zuten maorieraz.
  • 1940: Maoriak hirietara migratzen hasten dira, beraien kolonizazio eta deserrotze prozesuarentzako beste mugarri garrantzitsu bat.
  • 1975: Lehen Te Wiki o Te Reo Māori ospatu da, maorieraren Astea.
  • 1978: Aotearoako lehen eskola elebiduna zabaldu da Rūātokin.
  • 1982: Lehen Te kōhanga reo delakoa zabaldu da, murgiltze ereduko lehen haur-eskola.
  • 1985: Lehen Kura Kaupapa Māori ikastetxea zabaldu da, haur-eskoletako haurrei jarraipena ematen dien murgiltze ereduko eskola.
  • 1986an 50.000 hiztun kalkulatu zuten, maorien % 12.
  • 1987an, Māori Language Act dekretuaren bidez, te reo māori (maori hizkuntza) hizkuntza ofizial izendatzen da herrialdean. Te Kōhanga Reo National Trust eta Te Taura Whiri i te Reo Māorierakundeak sortu zituzten, azken hori maorieraren hizkuntza politika burutuko duen erakundea da.
  • 1992: Hezkuntza Ministerioak Te Marautanga o Aotearoa jarri du martxan, Māori bizitza-ikuspegian oinarritutako Bigarren Hezkuntzarako curriculuma.
  • 1994: Zeelanda Berriko pasaporteek maoriera txertatu dute barruko orrialdeetan (2009tik aurrera azalean ere agertuko da maoriera).
  • 2004ko martxotik Māori Television hasi zen emititzen, elebidunez, , batik bat maorierazko edukia eskaintzen duen katea.
  • 2017: Te Mātāwai erakundearen sorrera, hizkuntza politika iwi-en gidaritzapean abian jartzen duen erakundea.
Gizakien hedapena Polinesian

Gaur egun, maoriera hitz egiten du maorien % 14 inguruk, 700.000 biztanletik gutxi gorabehera 100.000 hiztunek, alegia. Hizkuntza nagusia, beraz, ingelesa da, neurri handi batean jatorrizkoa ordezkatu duena.

Maorieraz emititzen duen Maori TVk bi kate eta webgune bat ditu. Ekoitzitako eduki guztien %71 maorieraz izaten da.[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 90. arauaː Munduko herriak eta etniak. .
  2. ↑ Miel Anjel Elustondo eta Beñat Garaio. Maorieraren historia: kronograma. Argia. 2026ko apirilaren 15ean. .
  3. ↑ Urkizu, Urtzi. «Maoriera biziberritzeko» Berria (kontsulta data: 2022-12-17).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]